Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzea deitu du arratsalderako Bilbon, Vueltako protestetan atxilotutakoei babesa adierazteko
Israelgo txirrindulari-taldearen aurkako protestek Vueltako helmuga hiru kilometro aurreratzera behartu zuten atzo Bilbon Kale Nagusian. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren hitzetan, "Palestinak garaitu du", eta "IPT talde sionista kanporatzeko lehen urratsa" izan daiteke. Era berean, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak "Palestinaren aldeko ekintzak kriminalizatu izana" deitoratu du.
Vueltako helmugatik gertuko protesten irudia, Bilbon. Argazkia: EFE
Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, Bilbon, Israelgo txirrindulari-taldearen aurkako protesten osteko istiluetan atxilotuei eta zaurituei "elkartasuna adierazteko". Gauzak horrela, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak "Palestinaren aldeko ekintzak kriminalizatu izana" deitoratu du.
Elkarretaratzea 19:00etatik aurrera izango da, Bilboko Arriaga Plazan, plataformak ohar bidez jakinarazi duenez. Izan ere, defendatu du Israel Premier Tech taldea kanporatzea eskatzeko protestak beharrezkoak direla, "Israelek kirola erabiltzen baitu bere irudia nazioartean zuritzeko, mendebaldeko herrialdeen konplizitatearekin". "Konplizitate horien guztien aurka presioa egin behar da, genozidioa geldiarazteko eta Palestinaren askatasuna lortzeko", adierazi du.
Bilboko Kale Nagusian izandako protesten ondorioz Vueltako helmuga hiru kilometro aurreratu behar izatea "Palestinaren aldeko garaipena" izan da, plataformaren aburuz, eta "IPT talde sionista kanporatzeko lehen urratsa izan daiteke".
Bestalde, "Poliziaren errepresioa" eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak etaparen amaiera bertan behera utzi ostean egindako adierazpenak salatu ditu.
Gauzak horrela, hiru atxilotuei elkartasuna eta babesa adierazteko gaur arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du plataformak, eta "Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokak areagotzeko beharra" aldarrikatu dute.