EHE-ko lau ekintzaile Baionako auzitegitik bota dituzte, euskaraz deklaratzen saiatzeagatik
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko lau kide Baionako auzitegitik bota dituzte ostegun honetan euskaraz deklaratzen saiatzeagatik. Joan den irailaren 27an Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzara igo eta “Euskaraz bizi nahi dugu” esaldia margotzeagatik auzipetu zituzten lau lagun, tartean Gorka Torre idazle baionarra.
Gaur zuten ekintza horiengatik epaiketa. Abokaturik gabe bertaratu dira, eta Departamentuak ere ez du inor bidali. Akusatuak, epailea eta fiskala ziren, beraz, bertan.
Epaiketan euskaraz deklaratu ahal izateko eskaera formala egina zuten arren, ekintzaileei ukatu egin diete euskaraz aritzea, eta frantsesez edo gaztelerazko itzultzailearen deklaratzeko aukera eman diete.
Torrek euren argudioak azaldu ditu labur frantsesez eta gero euskaraz hitz egiten saiatu da, baina epaileak ez dio aurrera egiten utzi eta auzigela uzteko agindua eman die.
Mugimendu euskaltzaleak kaleratu duen ohar batean azaldu duenez, “EHEko kideek ezin izan dituzte euren buruak defendatu epailearen aurrean” eta epaiketa bera “euskaldunok jasan behar ditugun eskubide urraketen beste adibide argi bat” bilakatu da, EHEren hitzetan.
Azkenean auzia akusaturik gabe eta abokaturik gabe egin da, epailearen eta fiskalaren arteko elkarrizketa bat izan da.
Zigorrak, berriz, honakoak: Gorka Torrerentzat 1.500 euroko isuna eta bi urte eskubide zibilik gabe, eta gainerakoentzat 500 euroko isuna, (baina ordaindu beharrik gabe). Elkartasun kanpaina abiaraziko dutela iragarri du EHEk, epaiketa kostuei aurre egiteko.
Euskal Herrian euskaldunei euskaraz hitz egitea debekatzea “onartezin” jo dute eta euren iritziz, “gertatuak argi adierazten du zein den, kasu honetan, Frantziako Estatuaren jarrera euskararekiko: euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egin arren, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dute”.
“Gogor salatzen dugu gertatutakoa eta jasaten dugun zapalkuntzari, gaur egin modura, jarrera intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu, horiek arduraz eta kolektiboki garatuz”, azaldu dute.
Joan den larunbatean dozenaka lagun bildu ziren gaurko epaiketaren kontra eta auzipetuei babesa adierazteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera