Zaldibar Argitu plataformak auziaren instrukzio fasea amaitzeko galdegin du hondamendiaren 6. urtemugan
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoan, urtero legez, ekitaldia egin du herri plataformak Eitzaga auzoan. Bildutakoek esan dutenez, "gogaituta" daude, epaitegiak 72 hilabete baitaramatza ingurumen delituak ikertzen. "Argitu dadila dena", aldarrikatu dute. Horrez gain, zabortegiaren zati bat "babesik gabe" dagoela eta bertako hondakinak "zuzenean errekara jausten" ari direla salatu dute.
Seigarren urtez, Zaldibarko hondamendia salatu eta zabortegiko milaka tonen azpian hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoratu dituzte gaur Bizkaiko udalerrian, Zaldibar Argitu herri plataformak deituta. Hondamendian izandako ingurumen delituak ikertzen ari den epaitegiari instrukzio fasea behingoz amaitzeko galdegin diote, 72 hilabeteren ondoren ekainaren 1era arte luzatu baitute, "beste behin".
Hondamendiaren 6. urtemugan, dozenaka lagun bildu dira Zaldibarko Eitzaga auzoan, garai batean zabortegia zegoen tokian. Herri plataformako kideak, Sololuze eta Beltran beharginen senitartekoak eta herritar ugarik hartu dute parte ekitaldian, eta bertsolari eta musikarien emanaldien ondotik, lore eskaintza egin dute bi langileen omenez paratutako oroigarrian.
Urte hauetan agintarien aldetik jasandako "umilazioa, gehiegikeria eta mesprezua" salatu ditu Zaldibar Argitu plataformako kideetako batek, eta erantsi "oso nekagarria" dela justizia eskatzen ibiltzea, "injustizia guztiek agintarien babesa" izan beharko luketela uste baitute.
Era berean, "dena txukun" eta plastikoz babestuta dagoela ematen duen arren, zabortegiaren zati bat, Etxebarrira ematen duena, "babesik gabe" dagoela eta "zaborra zuzenean errekara" doala jakinarazi dute. Hala, kutsadura neurtzeko aparatuak "itxurakeria" direla nabarmendu dute: "Errekaren ura ez dago horren garbi".
Herri plataformaren beste kide batek ingurumen delituak ikertzen ari den epaitegiaren jarduna izan du hizpide, eta salatu du duela urtebete, iazko ekitaldian, egindako berbek balio dutela, "ez da-eta ezer aldatu hondamendia argitze aldera". Salatu duenez, instrukzio fasea enegarrenez luzatu dute. "Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak aurkezteko? Argitu dadila dena. Zergatik gertatu zen hondamendia eta nortzuk izan ziren erantzuleak. Gero, gerokoak", adierazi du. Azkenik, iragarri du dena argitu arte Zaldibar Argituk "hemen jarraituko duela, Eitzagako herritarrak babesten".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera