Normaltasunera itzultzeko lanetan ari dira Bizkaian euri jasa gogorren ostean
Bilbon, Zazpikaleetan izan dira kalte handienak, eta horiek garbitzen eta zenbatzen ibili dira merkatari eta herritarrak. Horietako batzuek estolden mantentze lanen faltari egotzi diote gertatutakoa. Aburto alkatearen hitzetan, berriz, "arketa gehienak ondo zeuden, garbi".
Bizkaian, eta bereziki Bilbon, garbiketa lanetan ibili dira bizilagunak, bart arratseko euri erauntsiak utzitako lohiak kentzen. Etxe, soto eta saltokietan urak egindako kalteak zenbatzeko eguna ere izan da gaurkoa. Zazpikaleetako bizilagunek estolden mantenu falta salatu eta Udala egin dute erantzule. Udalak ikerketa abiatu du, baina, lehen datuen arabera, estolderia garbi zegoen, eta denbora gutxian eroritako euri kopuru handiak eragin zituen uholdeak
Zazpikaleetan ez ezik, Kale Nagusian ere uholdeak izan ziren, eta Leioan, berriz, Leioako tunelak itxi behar izan zituzten ur pilaketagatik. Prezipitazioek, gainera, zirkulazio arazoak eragin zituzten Bizkaiko hainbat tokitan.
Atzo arratsalde-gaueko ur zaparradek 200 intzidentzia eragin zituzten Bilbon. Igande honetan, aparteko zerbitzuak mobilizatu dituzte dendariek kalera atera dituzten altzariak eta hondatutako tresnak biltzeko, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa gau osoan aritu dira lanean, bi kamioiren laguntzarekin, eta 200 gorabeheraren berri izan dute, batez ere 19:00ak eta 21:00ak bitartean euri asko egin zuelako, eta urak kaleak, dendak, atariak eta garajeak hartu zituelako.
Atzoko triskantza garbitzeko lanei goizean izandako gorabehera bat batu zaie. Zamudioko Atean ura ateratzeko lanetan erabiltzen ari ziren argindar sorgailu bat matxuratu da, eta inguruko 200 bat etxe argindar barik geratu dira. 16:00ak aldera berrezarri dute hornidura.
Zazpikaleetako bizilagunak eta merkatariak haserre agertu dira. Batetik, alerta egoera "berandu" jakinarazi zutela salatu dute (20:00etan eman zuten horren berri), eta bestetik, estoldek garbiketa falta nabarmena izan dutela kritikatu dute.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur ziurtatu duenez, Zazpikaleetako "145 arketetatik gehienak ondo zeuden, garbi", eta egindako euri kopuru handiari egotzi dio gertatutakoa.
Ezohiko egoera horri aurre egiteko, ura itsasadarrera isurtzea ebatzi zuen Udalak. "Oso gutxitan egiten dugu", erantsi du Aburtok.
Alkateak iragarri du astelehenean bulegoa irekiko dutela Zabalgunean, kaltetutako herritarrei aseguru etxeekin laguntza emateko.
Eguraldi iragarpena
Gaur, ostarte zabalak izango dira eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Ondoren, ez da baztertzen zaparrada puntualak botatzea, batez ere barnealdean, baina, oro har, ahulak izango dira.
Haizeak ekialdetik joko du, eta ipar-ekialdea nagusituko da arratsaldean. Tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC artekoak izango dira.
Astelehenean, eguraldia aldakorra izango da, tarteka hodeiak izango dira eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere goizaldean eta gauean.
Haizea hego-ekialdetik iritsiko da, eta tenperaturak gora egingo du goizean, maximoak igandean baino 3 edo 4 ºC altuagoak izango baitira. Arratsaldean, berriz, haizeak ipar-ekialdetik joko du kostaldean.
Asteartean, eguraldi aldakorrarekin jarraituko dugu. Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira egunean zehar, ostarte zabalagoak izango dira goizean eta eguerdi aldean, eta hodei gehiago izango dira arratsaldean eta gauean. Zaparrada gehiago bota ditzake orduan.
Goizean, hegoaldeko haizea ibiliko da, eta iparraldera egingo du arratsaldean eta gauean.
Tenperaturak apur bat jaitsiko dira kostaldean, eta Euskadiko gainerako lekuetan ez da aldaketarik izango.