TXERTAKETA KANPAINA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

219.000 pertsonak eskatu dute hitzordua Osakidetzan gripearen aurkako txertoa hartzeko

18.000 zita baino gehiago sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrei dagozkie. Osakidetzak gogorarazi du txertoa dela "tresnarik eraginkorrena" konplikazioak prebenitzeko. Gripe sasoia hasi denetik 71 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte. 

5 urtetik beherako haurrei sudurretik ematen zaie gripearen txertoa. Argazkia: Irekia

Gripearen kontrako txertoa jasotzeko 219.000 hitzordu eman ditu Osakidetzak 2026/2027 kanpaina hasi zenetik, irailaren 28tik. Zita horietatik, 18.000 baino gehiago 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei dagozkie.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kanpainaren lehen bi aste hauetako datuak eman ditu. Txertoa jaso ez dutenei hitzordua eskatzeko edo txertoguneetara joateko deia egin die. Izan ere, gogorarazi duenez, txertoa da "tresnarik eraginkorrena konplikazioak, ospitaleratzeak eta gripearekin lotutako heriotzak prebenitzeko". 

Horrekin lotuta, Osakidetzak berak emandako datuen arabera, denboraldia hasi zenetik, 497 gripe kasu artatu dituzte Lehen Arretan, eta 1.516, covid-19 kasu. Gainera, 71 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte gripeak jota, eta horietako bi, zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU). Covid19ari dagokionez, 51 pertsona erietxeratu dituzte, eta hiruk ZIUn amaitu dute. 

Txertatzeko dei berezia egin die Osasun Sailak 60 urte edo gehiagoko pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei (hala nola diabetesa, BGBK edo kardiopatiak), haurdunei eta 5 urtetik beherako haurrei. Halaber, azpimarratu duenez, "txertoaren bidez ingurukoak ere babesten ditugu". 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X