Orion su hartu zuen ontzitik 18.900 litro gasolio erauzi dituzte
"Gure Gaskuña" ontzia hesiz inguratuta, Orioko portuan. Irudia: EITB
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, amaitu dituzte “Gure Gaskuña” itsasontzitik erregaia erauzteko lanak: 18.900 litro atera dituzte guztira. Hurrengo urratsa ontzia bertatik erretiratzea izango da.
Irailaren 24an hartu zuen su barkuak. Bi pertsona Donostia Ospitalera eraman zituzten eta, sortutako kearen ondorioz, Orio eta Aiako herritarrei dei egin zieten leihoak itxi zitzaten. Itsasoko kutsadura alerta ere aktibatu zuten, ontzia berriro ur azalera ateratzeko aurreikusitako lanen jarraipena egin ahal izateko, eta hondartzan eta itsasadarrean bainatzeko debekua ezarri zuten. Gainera, itsas kutsadura saihesteko prebentzio-neurriak ere hartu dira, besteak beste, ontziaren inguruan euste-hesiak jarriz.
Orioko Udalak aste honetan Lakuari galdegin dio galdegin dio egoera berehala konpon dezala. Ontzia erretiratzeko, beharrezkoa da ontzi-jabeak jarduketa-plana aurkeztea. Dokumentua aurkeztu du honezkero, eta hori aztertzen ari dira orain Eusko Jaurlaritzako zerbitzu teknikoak. Erantzuna “ahalik eta azkarren” emango dutela ziurtatu du Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Itsasertzeko zuzendariak adierazi duenez, “helburua da operazioa beharrezko segurtasun-berme guztiekin eta ingurunea babestuz egitea”.