Gor bat G-20aren goi bileran
Oso garrantzitsua izan liteke G-20aren goi bilera, izan ere, bertan bilduko dira munduko ekonomiaren % 85 osatzen duten herrialdeak. Pobrezia, gizarte ezberdintasunak, populazioaren hazkundea edo Lurraren berotzea: mundua mehatxatzen duten arazo hauen inguruan akordioak lortzeko aukera paregabea izan liteke goi-bilera. Hala ere, aurtengoak ez du auzi horietarako tarterik izango. Elkarrizketa guztiak merkataritza gerraren ingurukoak izango dira, hain zuzen ere, mundu mailako hedadura har dezakeen auzia.
Trump merkataritza arau guztiak aldatzen tematu da, salgaiei muga-zergak ezarriz. Urtarrilean % 25eko igoera ezarri nahi die Txinako muga-zergei (Gaur egun % 10ekoa ezartzen die). Hori gutxi balitz, otsailean ere, % 25eko igoera ezarri nahi die Europatik iristen diren autoei eta autoentzako piezei. Europako automobilgintza fabrikatzaileentzako kolpe handia izan liteke hori.
Gurean, autoentzako piezak ekoizten dituzten fabrikek duten garrantzia ikusita, Euskadirentzako ere ondorioak garrantzitsuak izan litezke.
Buenos Airesen bilduko direnak saiatuko dira Trumpi ikustarazten mundu mailako merkataritza gerra bat oso arriskutsua dela. Baina denbora galtzea besterik ez da izango: Trumpek ez du entzuten.