Kairoko Bakearen Goi-bilera adierazpen bateraturik gabe amaitu da
Larunbat honetan Kairon egindako Bakearen Goi-bileran agintari arabiar ugari eta munduko beste herrialde batzuetako ordezkariak izan dira. Bilera amaitzeko, Egiptok, herrialde anfitrioiak, eskerrak eman dizkie bertan parte hartu duten guztiei, baina batera adierazpen formalik egin gabe amaitu da topaketa.
Abdelfata al Sisi Egiptoko presidentearen hitzaldia izan da ikusmin handiena piztu duenetako bat, Gazarekin muga egiten duen herrialde bakarra baita. Al Sisik "Ekialde Hurbileko bake prozesua suspertzeko deia" egin du, "bi aldeen arteko berehalako su-eten baten negoziaziotik abiatuta, estatu palestinar independente bat ezartzeko".
Larunbat honetan ireki dute Rafahko pasabidea lehen konboi humanitarioa sar zedin, eta datozen orduetan edo egunetan irekiera hori behin betiko bihur daitekeela esan du Egiptoko presidenteak, Joe Biden AEBko presidentearekin akordioa lortu ostean. Azaldu duenez, irekiera "jarraitu" hori Nazio Batuen eta Palestinako Ilargi Gorriaren (laguntza zuzenean banatzeaz arduratzen ari dena) ikuskaritzaren menpe geratuko litzateke.
Al Sisik, gainera, "gatazkak neurtzeko bi modu" izatea leporatu dio Mendebaldeari, eta, bide batez, Gazako biztanleak Egiptoko Sinai eskualdean birkokatzearen aurka agertu da.
Abdala II.a Jordaniako erregeak ere hitz egin du topaletan, eta Israeli babesa ematen dioten mendebaldeko herrialdeei eskatu die "ulertzeko behingoz arabiar baten bizitzak ez duela israeldar batenak baino gutxiago balio", eta erantsi du zibilen kontrako eraso "basatien" aurrean duten isiltasunak ez duela bakea lortzen laguntzen. Gazako bonbardaketa "krudela" salatu du, "herri setiatu eta babesgabe baten aurkako zigor kolektiboa" delako. "Nazioarteko zuzenbidearen eta zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmena da, gerra-krimena. Krisia zenbat eta larriagoa eta krudelagoa izan, orduan eta gutxiago axola dio munduari", adierazi du.
Goizeko saioko hitzaldi esanguratsuenetakoa Mahmud Abbas Palestinako presidentearena izan da. "Lege humanitario guztiak urratzea" egotzi dio Israeli, herritar zibilen, ospitaleen, eskolen eta babeslekuen aurkako aire-erasoak egiteagatik. Abbasek "bi aldeetako zibilak hiltzea" salatu du, eta "bi aldeetako bahituak askatzeko" eskatu.
Horren hitzetan, bera buru duen Palestinako Aginte Nazionala da palestinarrak ordezkatzen dituen "erakunde bakarra", eta eskualdearen irtenbide bakarra Palestina ohian bi estatu sortzea da, Jerusalem ekialdea dela estatu palestinarreko hiriburu. "Ez gara inoiz joango, ez ditugu gure lurrak utziko, eta amaierara arte eutsiko diogu", adierazi du Abbasek.
Era berean, korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazako Zerrendan laguntza emateko deia egin du, eta Israelek ez duela horretarako aukerarik eman nabarmendu.
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak ere parte hartu du bileran, eta palestinarren egoera Hegoafrikako apartheid garaiarekin parekatu du. "Hegoafrikarrak garenez, palestinarrei gertatzen zaiena uler dezakegu. Gure herriak borroka ausarta egin zuen askatasuna lortzeko eta sufritu egin behar izan zuen, palestinarrek orain egiten duten bezala, baina buruzagi ausartak izan genituen, eta euren arteko ezberdintasunak atzean uztea lortu zuten, bakea lortzeko eta apartheidaren sistemari amaiera emateko", nabarmendu du.
Liskarrak berehala amaitzeko, bahituak askatzeko eta Gazako setioa amaitzeko eskatu du Ramaphosak.
Europaren jarrera
Europatik, besteak beste, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Grezia, Alemania eta Espainiako ordezkariek hartu dute parte. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bi estatu (Israel eta Palestina) aitortzea defendatu du gatazkaren konponbide gisa, eta "zibil guztiak" babesteko deia egin du: "Zibil guztiak babestu behar ditugu. Berriro diot, zibil guztiak: Hamasek bahituta dauzkanak eta Gazan izugarrikeria pairatzen ari direnak". Eta hori lortzeko modu bakarra laguntza humanitario gehiago eta su-etena direla nabarmendu du, nazioarteko komunitateak bi estaturen oinarriak ezartzeko ahalegina egitearekin batera, "elkar errespeta dezaten eta segurtasunean eta bakean batera bizi daitezen".
Sanchez Mahmud Abbasekin aurrez aurre bildu da, eta elkartasuna adierazi dio.
James Cleverly Erresuma Batuko Atzerri ministroak esan du Nazioarteko Zuzenbidea eta Gazako zibilen bizitzak errespetatzeko eskatu diotela Israeli, eta irtenbide diplomatiko baten alde egin du, "israeldarrak eta palestinarrak bakean bizi daitezen". "Elkarbizitza baketsuak irabazten duela bermatu behar dugu", azpimarratu du.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere "eskalada bat saihestea" eta "bi estaturen irtenbidea lortzeko" bide orria egitea eskatu du. "Esku-hartze militar batek ere ezin du konponbide politiko bideragarri bat ordezkatu", gaineratu du.
Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak Hamasi egotzi dio Gazako Zerrendako eta Israelgo "herritar guztien sufrimenduaren ardura". Horren arabera, Hamasek "ez du Palestinaren izenean hitz egiten" eta "terrorearen hizkuntza besterik ez du erabiltzen".
Europar Batasunaren izenean, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea aritu da. Horren hitzetan, Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea" du, "baina nazioarteko legearen barruan". "Israelen eta bere herriaren aurkako terrorismoa gogor eta zalantzarik gabe gaitzesten dugu", esan du bere hitzaldia abiatzeko, eta gehitu du "mundu guztiak" izan behar duela "gatazka gelditzeko eta zibilak, batez ere haurrak, babesteko bitartekari".
Zure interesekoa izan daiteke
Kanpalekuetan bizirauten ari dira astindutik bizirik irtendako venezuelarrak
Askok etxea galdu dute eta beste batzuek kalteak dituzte, ez dakite itzultzerik izango duten. Laguntza humanitarioa behintzat iristen ari da Hego Amerikako herrialdera.
ETBk Iranera sartzea lortu du, Ali Khamenei buruzagiaren hileta bertatik bertara kontatzeko
Milaka herritar ari dira ayatola gorenaren agur ekitaldietan parte hartzen. Mendeku eskean batzuk; negar malkotan, besteak. Ekitaldiak aste betez luzatuko dira, eta erregimenak indar eta batasun irudia eman nahi du.
Aita santuak omenaldia egin die hildako migratzaileei Lampedusan, eta Frantziskoren ondarea omentzea eskertu du
Leon XIV .a aita santuak larunbat honetan Italiako Lampedusa uhartera egindako bisitan esan duenez, Mediterraneo itsasoan izandako milaka hildakoak "hartutako erabakien" eta "ahaztutako erabakien" biktima dira, eta migrazio dramaren aurrean axolagabekeria salatu zuen.
Ehunka mila pertsona parte hartzen ari dira Khameneiren hileta publikoan
Asteburu osoan milioika pertsona espero dira, eta astelehenean Irango hiriburua zeharkatuko du segizioak; asteartean Qom hiri santura joango da, eta asteazkenean Iraken jarraituko du, ostegunean lurperatu aurretik.
AEBk inoiz izan duen hedapen handiena duela goraipatu du Trumpek Independentziaren Egunean
AEBren nagusitasun militarra aldarrikatu du Trumpek, baita XX. mendeko gatazka handietan izan duen paper historikoa ere: "Armadarik indartsuena eta boteretsuena sortu dugu".
Teheranen gaur zabaldu dute Ali Khameiren hil kapera
Ali Khameneiren hileta-kaperan, gerraren lehen egunean hil zuten aiatola gorenari azken agurra eman diote Teheranen. Khameneiren hilkutxa erdian eta inguruan beste lau jarri dituzte, erasoaren egunean berarekin zeuden senideen hileta-kutxak. Bihar eta etzi herritarrak sartu ahal izango dira hilkutxa dagoen meskitara, eta astelehenean, Teherango kaleak zeharkatuko ditu.
Donald Trump eta bere azoka handia, protagonista nagusiak AEBen 250. urtebetetzean
Estatu Batuen Independentziaren Adierazpenaren 250. urteurrena ospatuko dute larunbatean, uztailaren 4an. Eta Donald Trumpek bere irudia goresteko erabiliko du urteurrena. Buruzagi errepublikanoak bere aurpegia daramaten oroitzapenezko txanponak egin ditu, eta National Mallen azoka handi bat antolatu du. Ekimenak noria erraldoi bat, garaipen-arku bat, rodeoak, hitzaldiak, su artifizialak eta hegazkin militarren erakustaldiak izango ditu. Azokak, hala ere, porrot egin du orain arte. Oso jende gutxi bertaratzen ari da, eta horrek indartu egin ditu kritikak. Salatzen dutenez, Trumpek ospakizun nazionala baliatu du bere irudia indartzeko.
3.000 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte, Ipar Katalunian izandako sute baten ondorioz
Eskualdeko segurtasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, gas-bonbona baten leherketak eragin du ezbeharra. Sugarrak berehala zabaldu dira, eta hiru kanpin eta kirol portu bat harrapatu dituzte.
Lurrikaretatik zortzi egunera, hondakinen artetik bizirik atera dute gizon bat Venezuelan
Gizon bat bizirik atera dute hondakin artetik Venezuelan lurrikarak gertatu eta zortzi egunera. 100 lagun inguru aritu dira lanean gau eta egun, Hernan Gil-ekin kontaktua egin zutenetik, harengana iritsi eta handik ateratzeko. Ura pasa ahal izan diote eta une oro zaindu. Hala, 72 orduko operazioak izan zezakeen amaierarik onena izan du.
Lurrikaretatik astebetara, 2.295 hildako eta 11.200 zauritu baino gehiago zenbatu dituzte Venezuelan
Zazpi egun igaro diren arren, erreskate-taldeak ezin izan dira iritsi eroritako eraikin guztietara. Kasu askotan, senideak eta bizilagunak dira hondakinen artean lanean ari direnak, eta laguntza faltak eragindako haserrea zabaltzen hasi da.