GAZA, ERASOPEAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek 31 pertsona hil ditu laguntza banatzeko zentro batean, Gaza hegoaldean

Israelek eta AEBk kontrolatzen duten zentro batean egin dute erasoa Israelgo Armadaren tankeek, Rafah inguruan, eta ehun pertsonatik gora zauritu dira. Bestalde, Espainiako Atzerri ministroak eskatu du "sar dadila, trabarik gabe, laguntza humanitarioa Gazara, eta aska ditzatela bahituak".
Palestinarrak laguntza humanitarioa jasotzen. Argazkia: EFE
Palestinarrak laguntza humanitarioa jasotzen. Argazkia: EFE

Israelgo Armadak gutxienez 31 palestinar hil eta 115 zauritu ditu laguntza banatzeko zentro batera zihoazen herritarren aurka tiroka hasi denean. AEBren eta Israelen kontrolpean dagoen zentroa Rafahtik mendebaldera dago, Gaza hegoaldean.

Gazako Gobernuak eman du biktimen balantzearen berri, eta ohartarazi du datozen orduetan gora egin dezakeela kopuruak, zaurituetako batzuk larri baitaude.

Zaurituak Khan Yunis hiriko Nasser osasun zentrora eraman dituzte, Gazako Zerrendan martxan dagoen azken ospitaleetako batera.

Lekukoen arabera, tankeak eta droneak herritarren aurka tiro egiten hasi dira laguntza paketeak jasotzera zihoazenean.

Palestinako agintariek salatu dute Israel "gerra arma" gisa erabiltzen ari dela laguntza humanitarioa, eta AEB, laguntzaren ikuskatzaile den heinean, krimen horien "erantzule morala eta penala" dela.

Gazako Fundazio Humanitarioa erakundea aurten bertan sortu du Israelek nazioarteko erakunde humanitarioetatik kanpo, Hamasen kontrolpetik ihes egiteko aitzakia erabiliz.

Nazio Batuen Erakundeak eta Gazako Zerrendan dauden gobernuz kanpoko erakundeek uko egin zioten Israelek eta AEBk antolatutako laguntza humanitarioaren banaketan parte hartzeari, "oinarrizko printzipio humanitarioak urratu" egiten dituelako, Israelgo Armadaren kontrolpean dagoen heinean, inpartzialtasun, independentzia eta neutraltasun printzipiorik ez delako errespetatuko.

Astelehenean ireki zuen Gazako Fundazio Humanitarioak lehenengo banaketa zentroa, Rafahn. Hurrengo egunean, milaka palestinar joan ziren bertara laguntza bila, eta Israelgo indarrek tiro egin zieten, eta hiru pertsona hil eta dozenaka zauritu zituzten.

Asteazkenean, beste banaketa puntu bat ireki zuten. Orduan ere, soldadu israeldarrek tiroka erantzun zieten laguntza bila joan zirenei, eta gutxienez sei pertsona hil zituzten.

Laguntza humanitarioa exijitu du Espainiako Gobernuak

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek eskari argia egin du azken orduotan X sare sozialaren bidez: "Sar dadila, trabarik gabe, laguntza humanitarioa Gazara, eta aska ditzatela bahituak".

"Laguntza ematen ari den zentro batetik oso gertu jazo dira gaurko leherketak. Israelek gerra gizagabe hau gelditu behar du. Gazatarrek, haien umeek, osasuna, hezkuntza eta duintasuna merezi dituzte", idatzi du.

Atzerri ministroak gaineratu duenez, Espainiak Nazioarteko Zuzenbidea bete dezatela exijitzen du, eta horretarako nazioarteari galdegin dio lan egin dezala gerra amaitzeko eta bi Estatuen irtenbidea aplikatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Istiluak Erresuma Batuan, ultraeskuindarrek migrazioaren aurka egindako manifestazioetan

Liskarrak izan dira bart Portsmouthen migrazioaren kontrako manifestari ultraeskuindarren eta poliziaren artean eta hainbat agente zauritu dira. Larunbatean eskuin muturreko ehunka kaputxadunek Doverreko portua blokeatu zuten, Mantxako kanaletik ontzi batean iritsitako 140 migratzaileren lekualdatzea saihesteko. Gobernu britainiarrak eta alderdi politiko guztiek manifestazioak salatu dituzte.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Milaka serbiar bildu dira Belgraden Mladicen hiletarako, EBren ohartarazpenak gorabehera

Ehunka lagun hurbildu dira Belgraden gerra-kriminal Ratko Mladicen hil-kaperara, hileta ospatu aurretik. Mladic abuztuaren 27an hil zen, 84 urte zituela, Hagako kartzela batean bizi osorako espetxe-zigorra betetzen ari zela. "Bosniako harakina" ezizenez ezaguna, Mladic 2017an kondenatu zuten genozidioagatik, gerra-krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik, Jugoslavia ohian 1992tik 1995era bitartean izandako gerretan. Europar Batasunak Serbiari ohartarazi dio Ratko Mladici ohoreak egiteak edo hura goratzeak arrisku larrian jartzen duela EBn sartzeko prozesua.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X