Albiste izango dira: Askatasunaren Ontzidia, protestak Osakidetzan eta AEBra sartzeko murrizketak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko ekainaren 9an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Askatasunaren Ontzidia: Gazara giza laguntza zeraman Askatasunaren Ontzidia atzeman egin du Israelgo Armadak. Bahitu dituzte 12 lagunen artean daude Greta Thunberg Suediako ekintzailea eta baita Mikel Zuloaga euskal herritarra ere. Israeleko Atzerri ministerioak, bere aldetik, adierazi du ontziko kide guztiak salbu eta onik daudela, Israelera doazela eta handik bakoitza bere herrialdera bidaliko dutela.
- Protestak Osakidetzan: ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK eta USAE sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzaren lantoki guztietan, plantilla jasaten ari den "hautaketa eta hornidura prozesu guztietako kaosa" eta "horren ondorio larriak" salatzeko. Kontzentrazioak 11:00etan izango dira ospitaleetan, eta 13:00etan Lehen Mailako Arreta ematen duten zentroetan.
- AEBra sartzeko murrizketak: Ameriketako Estatu Batuek dozena bat herrialdetako herritarrei sarrera debekatuko die gaurtik: Afganistan, Birmania, Txad, Kongoko Errepublika, Ekuatore Ginea, Eritrea, Haiti, Iran, Libia, Somalia, Sudan eta Yemen. Halaber, beste zazpi herrialdetakoei sarrera mugatuko die: Burundi, Kuba, Laos, Sierra Leona, Togo, Turkmenistan eta Venezuela.