Europako buruzagiek su-etena eskatu diote Trumpi, ostiralean Putinekin Alaskan egingo duen bileraren abiapuntu gisa
Macronen arabera, AEBko presidenteak bideokonferentziaz baieztatu die NATO ez dela Ukrainaren segurtasun bermeetan inplikatuta egongo. Gainera, Frantziako presidenteak azaldu du Trumpek bermatu diela Zelenskik bakarrik negoziatuko dituela Ukrainak Errusiari lagako omen dizkion lurraldeak.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea gaurko bideokonferentzian. Argazkia: EFE
Europako buruzagiek Donald Trump AEBko presidenteari eskatu diote Vladimir Putin Errusiako presidentearekin ostiralean Alaskan egingo duen goi-bileran su-etena abiapuntua izatea, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea kanpoan ez uztea.
Donald Trump AEBko presidentearen eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen arteko goi-bilera Anchorage hiriko Elmendorf-Richardson base militarrean egingo dute, Alaskan, Etxe Zuriak baieztatu duenez.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak Putinen eta Trumpen arteko batzarrean mahai gainean egon behar duten puntu batzuk deskribatu ditu gaur, besteak beste, negoziazioen abiapuntua eskualdean "bake iraunkorra" lortzeko oinarriak ezarriko dituen su-etena izatea.
Halaber, Zelenskirekin batera Berlinen emandako prentsaurrekoan berretsi duenez, lurralde trukearen inguruan "ezin da erabakirik hartu" Kiev gabe, eta "segurtasun berme sendoak" behar dira Ukrainarentzat.
Trumpekin bideokonferentzia "konstruktiboa" egin ostean esan ditu hitzok, Europako buruzagien (Erresuma Batua, Italia, Polonia eta Finlandiako lehen ministroak, Antonio Costa eta Ursula von der Leyen Europako Kontseiluko eta Batzordeko presidenteak, besteak beste) eta Zelenskiren arteko lehen bileraren ostean. Era berean, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia batzarrean izan da.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan duenez, ostiraleko bilerak gerran su-etena ekartzea espero du. "Alaskako bileraz hitz egin dugu eta bertan su-etena ixtea espero dugu", adierazi du Zelenskik gaurko batzar birtualaren ostean.
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak esan du "pilota Putinen teilatuan" dagoela ostiraleko bilerari begira.
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bideokonferentziaren amaieran azpimarratu duenez, AEBko presidenteak baieztatu die NATO ez dela Ukrainaren segurtasun bermeetan inplikatuta egongo Errusiarekin akordioa baldin badago, baina bai Ameeriketako Estatu Batuak.
"NATOk ez du segurtasun berme horien parte izan behar", zehaztu du, Errusia horren aurka dagoelako, baina bai "AEBk eta Ukrainaren aliatu guztiek".
Gainera, Macronek azaldu duenez, Trumpek bermatu die Zelenskik bakarrik negoziatuko dituela Ukrainak Errusiari lagako omen dizkion lurraldeak. "Ukrainari dagozkion lurralde gaiak Ukrainako presidenteak soilik negoziatuko ditu", esan du Macronek, eta berretsi du hori dela Kieven aliatuen jarrera, eta AEBko presidenteak bat egin duela.