Genozidioa Gazan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Smotrich eta Ben Gvir ministro ultraeskuindar israeldarrei Espainian sartzea debekatu diete

Ministroen Kontseiluaren amaieran egindako agerraldian iragarri du neurria Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak. Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak atzo iragarritako bederatzi neurriak ere gaur onartu dituzte.

MADRID, 09/09/2025.-José Manuel Albares, ministro de Asuntos Exteriores, Unión Europea y Cooperación, durante la rueda de prensa tras el Consejo de Ministros, este martes en el complejo de La Moncloa en Madrid.-EFE/ JJ Guillén
Jose Manuel Albares, astearte honetan. EFE.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo bederatzi neurri iragarri zituen, Israel Gazan egiten ari den genozidioari aurre egiteko, eta gaur beste baten berri eman du: Bezalel Smotrich eta Itamar Ben Gvir ministro israeldar ultraeskuindarrei Espainiako Estatura sartzea debekatu diete.

Ministroen Kontseiluen bileraren ondorengo agerraldian eman ditu erabakien gaineko xehetasunak Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako Europar Batasuneko eta Lankidetzarako ministroak. Neurri-sorta osorik onartu da bileran, eta, orain, horiek egikaritzeko testuak landuko dituzte, eta ondoren Kongresura bidali. Besteak beste, dekretu berriak Israeli armen enbargoa ezarriko dio.

Albaresek azaldu duenez, Ben Gvir eta Smotrich Israelgo Gobernuko Segurtasun Nazionalerako eta Ogasuneko ministroak, hurrenez  hurren, “Espainiako lurretarako sarrera debekatuta” dutenen zerrendara batzeaz gain, Shengen sistemako datu basean ere agertuko dira aurrerantzean.

Modu horretan erantzun zion Benjanmin Netanyahuren Exekutiboak atzo iragarritako erabakiari: Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeari eta Sira Rigo Gazteria ministroari Israelen sartzea debekatu zieten, eta Ana Maria Salomon Espainiak Israelen duen enbaxadorea kontsultetara deitu zuten.

Egin duen agerraldian, Alabaresek behin eta berriz esan du bi estatuak —Israel eta Palestina— aitortzea dela gatazka bideratzeko konponbidea, eta Espainiak formula hori babestuko duela.

Halaber, ziur agertu da Espainiako herritar gehienek babesten dituztela Israelen aurka hartutako neurriak. Haren hitzetan, ez dira Israelgo herriaren aurkako neurriak, “bakearen eta Ekialde Hurbileko segurtasunaren aldekoak baizik”.

Hala, PP alderdiari zuzendu zaio, neurriok indarrean sartzeko Kongresuan egingo den bozketan dekretua babestu dezala eskatzeko. Albaresek zehaztu du dekretuak “atzerri politikari erantzuten diola”, eta, beraz, popularrek ez luketela arazorik izan beharko alde bozkatzeko.  

Nazioarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu