Gazako bake akordioa kolokan egon daiteke Hamasek bahituen gorpuak entregatzeko dituen zailtasunak direla eta
Hamasek bizirik dauden 20 bahitu israeldarrak askatu ditu, eta hildako 28 bahituetatik 9ren hilotzak entregatu ditu. Halaber, aurkitu dituzten "gorpu guztiak" entregatu dituela ziurtatu du, eta adierazi du hondakinen azpian daudenak ateratzeko ekipamendu astuna behar dela.
Pasa den astelehenean Hamasek Gazan askatutako 20 bahituetako bat. Argazkia: EFE
Gazako bake-akordioak aste hasieran sortutako itxaropena zapuztu da egunak pasa ahala. Pasa den astelehenean bahitu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea gauzatuta, su-etena indarrean sartu zen eta Israelgo Armada adostutako tokira mugitu zen. Hala ere, itxura guztien arabera, bake-plana betetzea geroz eta zailagoa izango da.
Hamasek asteazken honetan jakitera eman duenez, Gazan hildako bahituen "gorpu guztiak" entregatu dituzte, eta ziurtatu du gainerako gorpuak ateratzeko "ahalegin eta ekipo bereziak” beharko dituztela.
Bake akordioaren arabera, su-etena indarrean sartu eta 72 orduko epean Hamasek 48 bahituak (20, bizirik, eta 28, hilotz) Israelen esku utzi behar zituen. Epemuga amaitu da eta Hamasek ezin izan ditu gorpu guztiak entregatu —horietako asko hondakinen azpian omen daude—.
Zehazki, bizirik zeuden 20 bahitu israeldarrak askatu ditu eta hildako 28 bahituetatik 9ren hilotzak entregatu ditu.
Bake akordioaren lehen fasean adostutakoa ez betetzea leporatu dio Israelek Hamasi. Are gehiago, Israelek uste du Hamasek gorpu gehiago entregatzeko aukera baduela, eta guztiak aurkitu arte zigorrek bere horretan jarraituko dute: giza laguntzaren sarrerak murriztuta eta Rafahko pasabideak itxita jarraituko dute.
Dena den, Israelek ere ez du hitzemandakoa bete. Oraindik ez ditu ehunka palestinarren hilotzak entregatu —akordioaren arabera bahitu bakoitzeko hainbat gorpu itzuli behar ditu—. Halaber, su-etena indarrean sartu zenetik Israelgo Armadak gutxienez zortzi palestinar hil ditu Gazan.
Ameriketako Estatu Batuetako funtzionarioek ez dute uste Hamas akordioa urratzen ari denik
AEBko gobernuko funtzionarioek hedabideei esan diete ez dutela uste Hamas akordioa urratzen ari denik, besteak beste, gorpuak hondakinen azpitik ateratzeko beharrezko ekipamendu astuna ez duelako.
Trumpen administrazioa nazioarteko bitartekariekin lanean ari da hildako bahituak bilatu eta erreskatatzeko beharrezko ekipamendua Gazara eramateko.
Gobernu iturriek azaldu dutenez, Hamasek bitartekariei bermatu die falta diren bahituen gorpuak entregatzeko ahal beste ahalegin egingo dituztela.
Hamasek akordioa bete ezean, Trumpek baimendu egingo du Israelek erasoak berriro abiatzea
Trumpen esanetan, Hamasek ez badu akordioa betetzen, Israeli Gazan erasoak berrabiarazteko baimena emango dio, baina aitortu du Hamasek ez duela behar lukeen ekipamendua gorpuak ateratzeko.
CNN telebista katean egindako elkarrizketan adierazi duenez, berak "ahoa ireki bezain laster" hasi daitezke berriro Israelgo Armadaren erasoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango