"El Mencho" narkotrafikatzaile eta Jalisco Nueva Generacion kartelaren burua hil dute
Jaliscon (mendebaldea) eta herrialdeko beste bost estatutan herritarrak kalera ez ateratzeko alerta zabaldu dute agintariek, hilketa horrek eragindako istiluak direla eta.
Mexikoko Armadak Nemesio Oseguera Cervantes hil du gaur, igandea, "El Mencho" ezizena zuen Jalisco Nueva Generacion kartelaren burua. Narkotrafikatzaile bilatuenen zerrendan zegoen, bai Mexikon eta baita Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ere. Agintariek ez dute argitu pertsona gehiago atxilotu edo hil dituzten polizia-operazio horretan.
Zehazki, polizia-operazioa Tapalpa udalerrian egin dute, Guadalajaratik (Jaliscoko hiriburua) 130 kilometrora hegoaldera, eta liskar armatuak eragin ditu horrek eskualdean. Hori dela eta, segurtasun neurriak indartu dituzte inguruan, egoera kontrolpean hartzeko asmoz.
Mexikoko eta AEBko agintariek bilatzen zuten gaizkileetako bat zen Oseguera Cervantes. 56 urte zituen, eta 15 miloi dolarreko ordainsaria eskaintzen zuten hura atxilotzea erraztu zezakeen informazioaren truke.
Mexikon "beldurrezko aroa" ezartzea eta fentaniloarekin "bizitza ugari" suntsitzea leporatzen zion AEBk "El Mencho" narkotrafikatzaileari. Halaber, Jalisco Nueva Generacion kartela talde terroristen zerrendan sartu zuen iaz Washingtonek.
Igande honetako polizia-operazioari erantzunez, Jaliscon eta herrialdeko beste estatu batzuetan errepideak blokeatu dituzte eta ibilgailuak eta negozioak erre dituzte. Hala, kiskalitako ibilgailu ugari ikusi dira Jaliscon, Michoacanen, Coliman, Nayariten (mendebaldean), Aguascalientesen (erdialdean) eta Tamaulipasen (iparraldean), baita Guanajuaton (erdialdean) ere.
Testuinguru horretan, Jaliscon (mendebaldea) eta herrialdeko beste bost estatutan herritarrak kalera ez ateratzeko alerta ezarri du AEBk Mexikon duen enbaxadak, azken orduotako istiluak direla eta.
Era berean, Puerto Vallartako eta Mexikoko Jalisco estatuko beste gune batzuetako kaleetara ez irtetea eskatu dute Kanadako agintariek, droga-trafikatzaileen eta Mexikoko segurtasun indarren artean istiluak baitaude eta errepideak blokeatu baitituzte.