Iranen eta Libanoren aurkako erasoak areagotu eta petrolio azpiegiturak bonbardatu ditu Israelek
Iranen aurkako erasoek, bereziki Teheran helburu dutenek, ez dute etenik. Hodei toxiko batean murgilduta esnatu da hiriburua, lehen aldiz petrolio instalazioei eraso baitie Isralek. Gerraren bederatzigarren egunean, Beirut bonbardatu du estreinakoz Netanyahuren armadak.
Teheranen aurkako erasoa. Argazkia: EFE
Igande arratsaldean, Teheranen aurkako beste erasoaldi bat abiatu du Israelgo Armadak, indar armatuek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
"Israelgo defentsaren indarrek nabarmen areagotu dituzte Irango erregimen terroristaren kontrako erasoak", dio oharrak, xehetasun gehiagorik eman gabe.
Iranen aurkako erasoek, bereziki Teheran helburu dutenek, ez dute, hortaz, etenik. Hodei toxiko batean murgilduta esnatu da hiriburua, lehen aldiz petrolio instalazioei eraso baitie Israelek.
Soilik larunbatean, 400 helburu jo zituen Israelek Iran mendebaldean eta erdialdean, tartean misil balistikoak eta armak ekoizteko fabrikak, indar armatuen arabera.
Guztira, 1.300 pertsona hil dituzte Israelek eta AEBk gerra piztu zenetik. Iranek, berriz, hamar lagun hil ditu Israelen.
Iranek ez du su-etenik nahi
Irango Gobernuak, bestalde, ohartarazi du ez duela su-etenik negoziatzeko asmorik, herrialde horren aurkako erasoak gelditzen ez diren bitartean.
Gerraren bederatzigarren eguna
Gerra piztu zenetik bederatzi egun igarota, Israelek Beirut bonbardatu du lehen aldiz, aiatola berria aukeratu dute Iranen (ez dute horren izenik eman) eta 394ra igo da Libanon hil dituzten pertsonen kopurua.
Hau da Iran eta Ekialde Hurbilaren arteko gatazkan, azkena:
-Irango lider gorena aukeratu dute, nahiz eta ez duten haren izenik zabaldu.
-Israelgo Armadak berretsi du eraso egingo diola lider berriari.
-Israelek hodei toxiko batean murgildu du Teheran.
-Israelgo Armadak aiatolen erregimenaren 400 helburu suntsitu ditu Irango mendebaldean eta erdialdean.
-Lehengoz, Teherango petrolio instalazioei eraso die, eta lau hildako eragin ditu.
-Beiruti eraso dio.
-Iranek ez ditu Persiar golkoaren aurkako erasoak gelditu, eta ohartarazi du are gehiago gogortu ditzakeela erasoak.
Tentsioa Ekialde Hurbilean
Ekialde Hurbileko tentsioa areagotu egin da igande honetan, Iranek Kuwaiteko eta Bahraingo base estatubatuarrei eraso diela jakin ostean. Suteak piztu dira oinarrizko azpiegituretan, eta Persiar golkoko herrialdeek egoera salatu dute.
Tasnim Irango agentzia ofizialaren arabera, misilez eraso diote Kuwaiteko Arifjan baseari, Israelen eta AEBren jomugen aurkako beste erasoaldi batean.
Kuwaiteko agintariek baieztatu dute misil eta drone olde bati erantzun diotela. Erasoek suteak eragin dituzte Kuwaiteko Nazioarteko Aireportuan eta Gizarte Segurantzako Erakunde Publikoaren egoitzan. Barne Ministerioak jakinarazi du Kuwaiteko bi militar hil direla segurtasun lanetan ari zirenean.
Bahrainek ere salatu ditu Iranen erasoak. Iranek erasoak egin ditu Mina Salman portuan dagoen base militar baten inguruan.
Golkoko Lankidetza Kontseiluko herrialdeek erasoak gaitzetsi dituzte eta arriskutsutzat jo dute indarkeriaren gorakada. Jasem Mohamed Albudaiwi erakundearen idazkari nagusiak Kuwaiten eta Bahrainen "Iranek azpiegituren aurka egindako eraso negargarriak" salatu ditu, eta eskualdeko segurtasuna ezegonkortzen saiatzea leporatu dio Teherani.
Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari Ali Lariyanik esan du soldadu israeldarrak atxilotu dituztela (ez du esan non), eta bere bajak ezkutatzea egotzi dio AEBri.
Operazio militarrak bertan behera uzteko eskatu du Txinak
Liskarren gorakadaren aurrean, Wang Yi Txinako Atzerri ministroak operazio militarrak berehala bertan behera uzteko eskatu du, gatazka areagotu ez dadin. Prentsaurrekoan Txinako diplomaziaburuak esan duenez, "gerra ez zen inoiz lehertu behar"; izan ere, "ez dio inori mesederik egiten".