EGURALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tenperatura aldatuko da arratsaldean: hotza eta euria dator

Abisu horia ezarri dute 18:00etatik aurrera prezipitazio handiengatik, ekaitza eta txingorra izan daitezkeelako, baita haize-bolada bortitzak ere, Euskadiko zenbait zonaldetan eta Nafarroan.

Pertsona bat, Bilbon, aterkipean. Artxiboko argazkia: EFE

Udako eguraldiak amaiera izango du larunbat honetan bertan, eta arratsaldean aldaketa handia espero da, prezipitazio handiak eta tenperatura jaitsiera nabarmenak ekarriko dituena lurraldeko zenbait tokitan. Ildo horretatik, abisu horia ezarriko dute 18:00etatik aurrera prezipitazio handiengatik, Euskadiko eta Nafarroako zenbait zonaldetan.

Goizean, giro eguzkitsua nagusituko da. Hego-haizea ibiliko da eta kostaldean giroa sargoria izango da egunaren hasieran. Goiza aurrera joan ahala, ordea, ipar-mendebaldera aldatuko da haizea kostaldean, eta eguerditik aurrera Kantauri isurialdeko bailaretan ere bai. Arratsaldean Mediterraneo isurialdean ere aldatuko da haizea iparraldera. Haize-aldaketaren ondorioz, tenperatura maximoak 30 ºC azpitik geratuko dira leku gehienetan. Haizea aldatu ondoren hodeiak ugarituz joango dira eta arratsalde-gau partean zaparradak ugarituko dira; zenbait lekutan zaparrada mardulak eta trumoitsuak bota ditzake, kazkabarrarekin batera. Testuinguru horretan, tenperatura asko jaitsiko da eta eguneko minimoak azken orduetan neurtuko dira.

Igandean, eguraldiak udazkeneko itxurarekin jarraituko du. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira eta 15 eta 20 ºC artean geratuko dira; minimoak ere aurreko egunekoak baino hiruzpalau gradu baxuagoak izango dira. Zerua estalita egongo da eta zaparradak espero dira, Kantauri isurialdean sarriago, ekaitzarekin batera. Barnealdean ipar-haizea ibiliko da, kostaldean mendebaldekoa edo ipar-mendebaldekoa, bolada oso gogor batzuekin egunaren bigarren partean, bereziki gauean.

Datorren asteari dagokionez, eguraldiak berdintsu jarraituko du lehen egunetan, eta, ondorioz, euritakoa eskura izatea komeni izango da. Astelehenean, euri gutxiago egingo du  hegoaldean. Iparraldean zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu, batez ere kostaldean. Hegoaldean, aldiz, ostarteak zabalagoak izango dira eta hego-ekialdean giroa eguzkitsua izango da; ateri eutsiko dio leku gehienetan edo euri gutxi egingo du. 

Mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean indartsu goizean, eta ipar-mendebaldekoa nagusituko da arratsaldean. Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango, baina minimoak baxuagoak izango dira.

Eguraldiari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu