Abisu horia larunbat honetan 34 ºC inguruko tenperaturengatik kostaldean
Gainera, iganderako beste abisu hori bat ezarriko dute, baso-suteak izateko arriskuagatik, hegoaldeko haizeak gogor jotzen jarraituko baitu, bereziki isurialde atlantikoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du larunbat honetarako tenperatura altuak izatea espero baita: litekeena da kostaldean eta Bizkaiko zein Gipuzkoako hegoaldean 34 ºC inguru harrapatzea, eta Arabako erdialdean eta hegoaldean, berriz, 31 ºC.
Tenperatura ez da jaitsiko gauean, hegoaldeko haizeak gogor jotzen jarraituko baitu, eta 20-25 ºC inguru espero dira isurialde atlantikoan.
Gainera, igandean abisu horia aktibatuko dute baso-suteak izateko arriskua egongo baita, bereziki isurialde atlantikoan.
Igande goizaldean, arriskua nahiko handia izango da, hegoaldeko haizea dela eta.