Bertsolaritzak tartea izango du Bilbo Uda programazioan
Bertsolaritzak tartea izango du Bilbo Uda programazioan, eta ikuskizunak Santutxuko Basarrateko zelaian, Euskal Museoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Deustuko San Pedro plazan izango dira, uztaila eta abuztua bitartean.
Lehenengoa datorren asteazkenean, uztailak 15, egingo da, Euskal Museoan, 'Gorria, bertsolaritza eta flamenkoa sustatuz' izenburupean.
'Gorria'-n bi diziplinek, bertsolaritzak eta flamenkoak, nukleo bera dute: inprobisazioa. Horretan bat datoz Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta dantzaria. Ikuskizunean zehar, bakoitza bere lengoaian abesten edo dantzatzen hasiko da, eta horrela kode partekatuak eraikitzen joango dira bientzat funtsezkoa den molde batetik abiatuta: kopla. Kolore gorriaren sinbologia erabiliko dute hari eroale gisa (bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, karga ideologikoa, lotsa, desioa...). Bi sortzaileek gizabanako eta kolektibo gisa ditugun gatazkez hitz egingo dute, eta gitarraren eta perkusioaren soinuetan oinarrituko dira, eszenaratze sinple baina oso zainduarekin.
Hurrengo egunean, uztailaren 16an, ostegunean, bertso-saioan, Euskadiko 5 lurraldetako finalistek parte hartuko dute: Julio Coto, Iñaki Viñaspre, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi.
Bost finalisten bertso-jaialdia Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Xilaban (Iparraldea) eta Nafarroan egiten da. Bertso-saio hauek 4 urtean behin egiten den Euskadiko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren testuinguruan antolatzen dira. #BilbaoUda2020 ekimenaren baitan, egungo txapeldunak bertso-saio batean izango dira Santutxuko Basarrate zelaian.
Hurrengo hitzordua abuztuaren 19an, asteazkena, izango da, Bidebarrietako Liburutegian. Saio berezia izango da, Maialen Lujanbio, Unai Elorriaga eta Karmele Jaioren eskutik.
Karmele Jaioren aginduetara jardungo dute bi bertsolariek. Aipatutako idazleek hainbat literatur pasarte irakurri ondoren, gai ezberdinak proposatuko dizkiete bertsolariei. Hiru egile, hiru ahots elkarlanean, bertaratzen denak erregistro guztiak lantzeko aukera ematen duen programa batez goza dezan: umorezkoa, poetikoa, narratiboa, akziozkoa edo dialektikoa, bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe (inprobisazioa, testuingurura egokitzea, etab.) eta literaturaz gozatzeko aukera emanez.
Lau hitzorduetatik azkena abuztuaren 26an izango da, asteazkena, Deustuko San Pedro plazan. 'Ez da Kasualitatea' ikuskizuna eskainiko dute Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek.
'Ez da kasualitatea' bertso-saio musikatu bat da. Lau bertsolari horiekin batera, bi musikari arituko dira biolinarekin eta gitarrarekin. Umorea, jolasa, hausnarketa, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen ditu saio horrek; izan ere, ikuskizun honetan, lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumeak izango dira, kasu gehienetan gizonak nagusi diren saioetan.
Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
'Gorria' uztailaren 15ean ospatuko da, Euskal Museoaren Atrioan, eta gonbidapena beharrezkoa izango da. 94 415 54 23 telefonora deituz lor daitezke. Abuztuaren 19an Bidebarrietako Liburutegian izango den hitzordura joateko gonbidapena ere beharrezkoa da.
Bilboko Udalak antolatuta, #BilbaoUda2020 ekimenak hirian uda honetarako 150 aisialdi eta kultura jarduera baino gehiago antolatu dira. Proposamen horiek #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan kokatzen dira, COVID-19aren kalte handiena jasan duten sektore profesionalei laguntzeko sortutako planean.
Osasun-segurtasuna
Osasun-protokoloak zorrotz betetzen dira ekitaldi guztietan, ahalik eta osasun-segurtasun handiena bermatzeko. Horretarako, formatu txikiko proposamenek osatzen dute programa, edukiera txikikoak eta kasu guztietan publiko eserita izateko. Era berean, maskara derrigorrezkoa izango da #BilbaoUda2020 barruan espazio itxi eta irekietan egiten diren ekitaldi guztietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Iñaki Viñasprek irabazi du 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa
Iñaki Viñaspre Simonek eta Unai Anda Delikak lortu dute puntu gehien lortzea 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Azkenean, Viñasprek jantzi du txapela. Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi diote txapela Viñaspreri.
Arabako Bertsolari Txapelketaren finala gaur arratsaldean jokatuko da eta zuzenean eskainiko du ORAIN albiste zerbitzuak
Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre eta Peru Abarrategi nor baino nor gehiago arituko dira Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian. Martxoak 3 elkarteak jantziko dio txapela irabazleari.
Arabako Bertsolari Txapelketa
Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre eta Peru Abarrategi arituko dira nor baino nor gehiago finalean. 16:45etik aurrera, zuzenean.
Arabako sei bertsolari finalistak, larunbatera begira
Larunbatean, hilak 28, Europa Gasteizko biltzar jauregiak Arabako Bertsolari Txapelketaren finala hartuko du. Martxoak 3 Elkartearen ordezkariek jarriko diote txapela bertsolari irabazleari, Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre edo Peru Abarrategiri. ORAINen eta ETB1 ONen osorik ikusi ahalko da finala, 16:45etik aurrera, zuzenean.
Peru Abarrategik irabazi du Aramaioko finalaurrekoa eta erabakita geratu da nortzuk jokatuko duten Arabako Bertsolari Txapelketa
Maddi Agirre, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi lehiatuko dira martxoaren 28ko finalean, Gasteizen.
Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako Oiongo saioa
Txapelketako lehen saioa irabazita, finalaurrekoetarako pase zuzena eskuratu du gasteizko bertsolariak. Hurrengo saioa otsailaren 15ean izango da Laudioko Kasinoan, 17:30ean.
Arabako Bertsolari Txapelketa, abiatzear
Arabako txapelketaren XVII. edizioko lehen saioa Oionen egingo dute, larunbatean. Aroa Arrizubietak, Felipe Zelaietak, Iñaki Viñasprek, Martin Abarrategik, Sabin Abarrategik eta Unai Andak kantatuko dute.
Euskarak biziraun dezan lan egin duten guztiei eskaini die azken agurra Maddi Ane Txoperenak
Bizkarsoro filmari erreferentzia egin, eta euskararen kontra aritu direnen aurrean altxatu direnak izan ditu gogoan Maddi Ane Txoperenak, Donibane Lohizuneko Jai Alain.
Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Maddalen Arzallusekin jokatu du azken buruz burukoa, eta, azkenean, Txoperena gailendu da finalean. 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dute parte.