Fernandez Diaz: 'Biktimen aurrean ezingo dira sekula begiak itxi'
“Biktimen begiradaren aurrean, ezingo dira sekula begiak itxi”, esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Ministroaren hitzetan, gertatutakoa jakitera ematea nahi dute terrorismoaren biktimek, nahiz eta “zurigarri ideologikoak” izan.
Terrorismoaren Biktimen Fundazioko erakusketa bat inauguratu du Barne ministroak Gasteizen, eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Arabako hiriburuan izango da asteartean, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Zentroko lanei hasiera emateko.
Alfonso Alonso Osasun ministroa izan du lagun Fernandez Diazek, eta Fatima Bañez Enplegu ministroa asteartean bertan helduko da Gasteizera.
Javier Maroto Gasteizko alkatearekin eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin batera inauguratu du erakusketa Barne ministroak. Terrorismoaren Biktimen Memorialak hartuko duen aurreneko dokumentu grafikoa izango da. Zentroa memoriaren eta terrorismoaren biktimen aldarrikapenen ikur izango da.
“Talde terrorista, bata edo bestea izan”, biktimen protagonismoa goraipatu du Fernandez Diazek. Ministroaren hitzetan, “terrorismoak beti du helburu bera: eskubideak eta askatasunak urratzea”.
Duintasuna
“Biktimen begiradaren aurrean, sekula ezingo ditugu begiak itxi. Euren bihotzek isiltzen dutena oihuka adierazten dute gure biktimen begiradek. Ondratzea eta duintasunak eskatzen duen mailan egotea da gure betebeharra”, azpimarratu du.
Barne ministroak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak topo egin dute inaugurazioan. Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohiari bisita egin zion orain egun batzuk Jonan Fernandezek, eta PPk gogor kritikatu zuen.
Tunisiako atentatuaren biktimak gogorarazi ditu Maria del Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak ekitaldian. Blancoren ahotan, erakusketa hau eta zentroa “oso pauso garrantzitsuak dira biktimei duintasuna emateko bide luzean”.
“Inposatze totalitarioa”
“Inposatze totalitarioa” garaitzeko, biktimen papera goraipatu du Fernandez Diazek. “Biktimak gogorarazteko eskaerari jaramon egitea” eskatu du Barne ministroak, “euren azken sakrifizioa alferrikakoa ez izateko”.
Besteak beste, hauek egon dira erakusketan: Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Luis Aguilera Barne Ministerioko idazkariordea, Ignacio Cosido eta Arsenio Fernandez de la Mesa Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko zuzendari nagusiak, hurrenez hurren, eta Sonia Ramos Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusia.
Horiez gain, Daniel Portero (Dignidad y Justicia) eta Natividad Rodriguez (Fernando Buesa Fundazioa) eta beste kolektibo batzuetako biktimak ere egon dira bertan.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri