Sanchezi heriotza opa dion PPren bideo bat Fiskaltzara eramango du Gobernu zentralak
PPren kontu ofizialean argitaratutako txio bat Fiskaltzara eramango du Espainiako Gobernuak. Txioa dagoeneko ezabatu du Alderdi Popularrak. Mezuan Ignacio de la Puerta umoristaren bideo bat agertzen zen. Bideoan, Pedro Sanchez Exekutibo zentraleko presidentearen heriotza eskatzen die mutiko batek Errege Magoei gutunean.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren presidenteordea Dolores Delgado Justizia ministroarekin harremanetan jarri da, txioa Estatuko Fiskaltza Nagusiari bidaltzeko. PPk jadanik barkamena eskatu du, “hanka-sartze” bat izan dela onartu ondoren.
Moncloako iturriek jakitera eman dutenez, Fiskaltzak bideoa delitua ote den aztertu beharko du orain, eta egokia balitz egileen eta zabaldu dutenen aurka egin.
Bideoan, presidentearen heriotza eskatzen die mutiko batek Errege Magoei gutunean. Ignacio de la Puerta umoristaren Facebook profilean dago.
“Errege Mago maiteak: Amy Winehouse zen nire abeslari kutunena, eta eraman zenuen. Nire aktore gustukoena Robin Williams zen, eta eraman zenuen. Nire umorista maiteena Chiquito de la Calzada zen, eta eraman zenuen. Nire presidente kutunena Pedro Sanchez dela esateko bakarrik idazten dizut orain”, dio mutikoaren gutunak.
Bideoa “ez da hanka-sartze bat, izugarrikeria baizik, eta deitoragarria”, adierazi du Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak Twitter sare sozialean.
Miguel Angel Morales PSE-EEko Antolakuntza idazkariaren hitzetan, bideoa “onartezina” da. “2019. urteari lasaitasun handiagorekin, gustu hobeagoarekin eta aurkari politikoenganako errespetu handiagoarekin” heltzeko eskatu dio Moralesek Pablo Casadoren eta Alfonso Alonsoren alderdiari agiri batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Gaur egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"