'Mendekuak bultzatuta' jardutea egotzi diote kartzelatutako politikariek Estatuari
Proces auziaren epaia argitaratu ostean, kondenatutako liderrek horren gainean hitz egin dute. Hala, Oriol Junqueras ERCko lider eta Kataluniako presidenteorde ohik bere "uste oso demokratiko eta errepublikanoak" berretsi ditu, eta Estatuari "mendekuak bultzatuta" jardutea egotzi dio. Horixe esan du zabaldutako gutun batean, epaiak 13 urteko kartzela-zigorra ezarrita.
ERCeko militantziari zuzendutako gutun batean, Junquerasek dio "independentzia, gaur, inoiz baino gehiago, beharra da, gizarte libreago, zuzenago eta demokratikoago batean bizi ahal izateko"; haren iritziz, epaiarekin, "suntsitu nahi izan gaituzte, askatasuna lortzeko borrokan dabilen kataluniarren belaunaldi bat txikitu nahi izan dute".
Junquerasen arabera, epaiaren bidez (berak jaso du zigorrik gogorrena), "bizitzak suntsitu nahi dituzte, alderdiak eta lidergoak burugabetu, mugimendu politiko eta demokratiko bat geldiarazi eta txikitu, eta hautestontzietan hitz egin nahi duen herri oso bat isilarazi".
"Gaur, demokrazia, Estatu espainiarrean, hautsi da, eta horren botereak mendekua erabiltzen ari dira; izan ere, ez dute ulertzen justiziaz, politikaz, prozesu demokratikoez"; hortaz, beste behin, erakutsi dute "Espainiako Erresumaren batasuna edozein gauzaren gainean dagoela, nazioarteko ospearen gainetik ere, eta, ziur aski, Estatuaren beraren biziraupenaren gainean ere".
ERCko presidenteak deia egin du "mendekuak alde batera uzteko, eta geure burua itxaropenez betetzeko, ordu latz hauetan"; halaber, eskatu du injustizia bilakatzea "energia, adore eta indar demokratiko".
"Mina egiteko borondateak soilik bultzatuta jarduten dutenei, hauxe esan nahi diegu: gaur ez da ezer amaitu, ez duzue irabazi, eta ez duzue konbentzituko; harro itsuak mugiarazten dizue, horrek bakarrik".
ERCko liderrak, jarraian, adierazi du "itzuliko" direla, "eta indartsuago, gainera": "Irabazteko jaio den belaunaldia gara, garaipen guztien hazia".
Junquerasen iritziz, epaiak gauza bat egiaztatzen du: "Kataluniarrok ez dugula beste aukerarik; aukera bakarra Estatu berria eratzea dela, honetatik alde egiteko. Demokratak zigortzen ditu, bozkatzea eta protestatzea debekatzen du, eta ideia politikoengatik espetxeratzen du".
Kataluniako independentzia, hortaz, "beharra da"; berak ez du nahi haren seme-alabak "Estatu ustel, bihozgabe eta jendearen aurkakoan" haztea, eta, ondorioz, "hitzematen dizuet, ez naiz geldirik egongo lortu arte".
Junquerasek hau ere esan du: "Kartzela, gogorra eta bidegabea izanda ere, askatasuna lortzeko bidean beste etapa bat baino ez da, etorkizuna markatu behar duen hazia landatzeko etapa bat da".
Auzitegi Gorenean izandako epaiketaz, Junquerasek dio "hainbat aldiz" esan zutela "instrukzioa ez zela bidezkoa izan, ezta epaiketa ere, eta Estatuak anker jokatuko zuela"; bi urteko prebentziozko espetxe-zigorra "epai honen hitzaurrea zen".
ERCko agintariak gogorarazi du zer ekarri zuen, Kataluniarentzat, "frankismoaren gau luzea", eta nola jasan zuten errepublikanoek errepresioa: "Lluis Companys presidentea fusilatu zuten, urrian ere, baina duela 79 urte".
"Gaur, berriro ere, herrialdearen etorkizuna erabaki nahi duten kataluniarren beste belaunaldi oso bat suntsitu nahi dute; belaunaldi hori behin betiko askatasuna bereganatzeko prest dago. Ezin izango gaituzte txikitu; gure amonek aurrera egin zuten, baldintza askoz ere gogorragoetan, eta geuk ere egingo dugu", ohartarazi du.
Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiek 2017ko urriaren 1eko erreferenduma aldarrikatu dute, eta "Katalunia aske" baten aldeko oihua egin dute. Twitterren, 12 urteko kartzela-zigorra ezarri dion epaiari erantzun dio, mezu labur baten bidez: "Gora Katalunia askatuta".
10 urteko zigorra jaso duen Rullek, aldiz, salatu du kondenatu dituztela "ideiak epaitu dituztelako", eta erantsi du: "Gu zigortzen, U1ean botoa eman zuten 2,5 kataluniarrak zigortu dituzte. Europak XXI. mendean bizi izan duen demokrazia-ekintzetako apartenetakoa izan zen hura".
Fornek (10 urteko kartzela-zigorra ezarri diote) jasotako babesa eskertu du: "Ez dugu etsiko. Gora Katalunia askatuta!".
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak salatu du "bidegabekeria gauzatu dela", eta deitoratu du demokraziak "egun iluna" duela gaur: "Parlamentu- eztabaida librea ez de delitua, eskubidea eta beharra da erabiltzea. Behar beste aldiz esango dugu, beharrezkoa den tokietan", idatzi du Twitterren. "Ezkortasunak ez gaitu menderatuko. Aurrera egingo dugu!", esan du Forcadellek.
12 urteko zigorra jaso duen Raul Romeva Kanpo Ekintza kontseilari ohiak salatu du "mugimendu oso bat" zigortu nahi dutela, baina ohartarazi du "oker" daudela.
Ildo horretan, Romevak adierazi du "milioika herritarren asmo politikoak aldaraziko dituen epairik ez dagoela", eta eskatu die herritarrei eusteko, "zutik, borrokalari eta duin".
Jordi Cuixart Ominum Culturaleko liderrari 9 urteko espetxe-zigorra ezarri diote; Cuixartek, epaiari erantzuteko, berrerortzerako deia egin du: "Berriro egingo dugu. Amnistia, demokrazia eta autodeterminazioa", idatzi du Twitterren Lledonerseko kartzelatik.
Meritxel Borras kontseilari ohiak salatu ditu kartzela-zigorrak, eta ohartarazi du horiek ez dutela errazten "konponbide politikorik". Catalunya Radiori eta Rac1-i egindako adierazpenetan, Borrasek (ez da espetxean sartuko) esan du "zigorrak bidegabeak direla", eta arbuiatu du sedizio-deliturik egon izatea: "Gehienez jota, nirea bezalako zigor bat, desobedientziagatik, baina besterik ez", erantsi du.
Borrasek, gainera, kritikatu du epaia komunikabideetan argitaratu izatea: "Estatu serio batek ez luke zertan horrela ibili", esan du.
Santi Vila Enpresa kontseilari ohiak "Estatu sena" eta "begirada altuak" eskatu ditu; izan ere, haren iritziz, politikariek lan egin behar dute kataluniar gatazkari konponbidea emateko.
Vila ez da espetxean sartuko, absolbitu egin baitute dirua ustez bidegabe erabili izateagatik, baina, Ser Catalunyan izandako elkarrizketa batean, esan du "triste" dagoela Auzitegi Gorenak ebatzitako "zigor oso gogorrengatik".
"Kataluniako sufrimendu kolektiboa zorroztuko duten zigorrak daude, bai eta Estatuko jende onarena ere; egungo egoera politikoa larrituko dute, eta balizko konponbideak", babestu du.
Kontseilari ohiak esan du epaiak frogatzen duela "gatazka honi ez diola auzitegi batek amaiera emango"; ondorioz, aldarrikatu du "eskatu beharko zaiela, Bartzelonan eta Madrilen, gure politikariei, Estatu sena eta begirada altuak, irtenbidearen zatia izan daitezen, ez arazoaren zatia".
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Legebiltzarrak lan eskaintza publikoetan euskararen babesa indartzeko erreforma onartu du
Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketak, EAJk bultzatua, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa indartu nahi du. Testua aurrera atera da EAJren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, eta PSEk, Eusko Jaurlaritzako EAJren bazkideak, kontrako botoa eman du.
Polizia gehiegikerien legea erreformatzeko eskatu du Egiari Zor elkarteak, biktima bakar bat ere "baztertuta" gera ez dadin
Epez kanpo izapidetzeagatik ezetsi zituzten 500 onarpen-eskaera helarazi dizkio fundazioak Eusko Jaurlaritzari.
Hitz gogorrak izan dituzte Feijook eta Patxi Lopezek Kongresuan
PPko buruak PSOEren bozeramailearen aita aipatu du oholtzan, eta hark erantzun dio alderdiaren sortzailea "torturatu eta erbesteratu zuen diktadurako gobernuaren" parte zela.
Begoña Gomezek pasaportea eman du epaitegian, epaileak eskatuta
Epaileak kautelazko neurri gisa kendu dio, bere aurkako ahozko epaiketa ireki baitu, lau delitu posiblerengatik, negozioetako ustelkeria barne.
EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute enplegu publikoaren legearen erreforma aurrera ateratzeko
EH Bilduk abstentzioa emango du bihar, osteguna, Legebiltzarrean. Modu horretara, EAJk bultzatutako legearen aldaketa onartzea ahalbidetuko du. Horrez gainera, hiru urteko epean, legearen aplikazioari eta eraginkortasunari jarraipen bateratua egitea ere adostu dute bi taldeek.
Feijook hauteskundeak deitzeko eskatu dio beste behin Sanchezi: "Zu zara ustelen arteko lotura politikoa"
Euren agerraldietan, EH Bildu eta EAJ kritiko agertu dira Espainiako Gobernuarekin, eta legealdiari zentzua emateko eskatu diote Pedro Sanchez presidenteari.
Sanchezen esanetan, ustelak ezin dira zigorgabe geratu, "edonor izanda ere"
Espainiako Gobernuko presidenteak errespetua agertu du asteazken honetan Auzitegi Gorenak Jose Luis Abalos ministro ohiaren aurka emandako epaiari, eta ziurtatu du "inoiz ez" zuela izan Gobernuko eta alderdiko zenbait kideri eragiten dieten praktika ustelen berri, eta jakin izan balu, ez lituzkeela onartuko.
Moncloak azpimarratu du batzuek "huts egin" diotela Sanchezi eta ez duela dimisioa eman beharrik
Astelehen honetan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu zuen berriro ere, Auzitegi Gorenak Abalosi 24 urteko kartzela-zigorra ezarri ostean.
Froga batzuen abal judiziala egiaztatzen ez bada, kasua baliogabea izatea planteatu du Zapaterok
Espainiako Gobernuko presidente ohiak hainbat idatzi igorri dizkio epaileari, Plus Ultra airelinearen erreskatearen inguruko eraginen trafikoko sare baten ustezko buruzagi moduan ikertu gisa deklaratu ostean.
Pradales: "Asko dago egiteko; bide orriak euskal agendan sakontzea dakar"
Lehendakariak agintaldiaren lehen erdiaren balantzea egin du Ajuria Enean, ekitaldi instituzional batean. Bere hitzaldian, Euskadin lantzen den egonkortasuna nabarmendu du, "oso ezegonkorra" den testuinguru globalean aurrerapena, ongizatea eta autogobernua bermatzeko faktore erabakigarri gisa.