Iñaki Abadek ezin du oraindik hirugarren gradua eskatu
Iñaki Abad Altsasuko (Nafarroa) gazteetako batek ezin du oraindik hirugarren gradua eskatu. 2016ko urrian bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta dago preso.
Hasiera batean albiste-agentziek gaztea hirugarren gradua eskatzera zihoala esan badute ere, Radio Euskaditik bere inguruarekin harremanetan jarri dira, eta argitu dute oraindik Iñaki Abadek ezin duela eskaera hori egin, Auzitegi Gorenak kartzela-zigorra 6 urtetik 3,5era murriztu ostean, berriz sailkatzeko zain baitago.
Espetxeko zuzendariak gehienez ere bi hilabeteko epea du eskaera horri erantzuteko, eta gaztea bigarren graduan uzten duen (ohikoa da preso arruntentzat) edo hirugarren graduan sailkatzen duen (erregimen ireki arrunta edo ireki mugatua) zehaztu beharko du bere idatzian.
Hirugarren graduan sailkatu ohi dituzte zigorraren erdia bete duten presoak. Iñaki Abadi oraindik lau hilabete falta zaizkio gutxieneko horretara iristeko, baina horren abokatuek aurreratu dutenez, hirugarren graduan sailkatzea eskatuko du gazteak, Gorenak zigorra murriztu ostean. Horrela, espetxeko zuzendariak erabaki beharko du eskaera hori onartzen duen ala ez duen onartzen.
Iñaki Abad ez da Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean bere hasierako zigorra murriztuta ikusi duen Altsasuko gazte bakarra. Izan ere, Gorenak agintaritzako agenteen aurkako atentatu delituen harira, nagusitasunaz abusatzearen astungarria eta gorrotoaren astungarria baztertu zituen, eta, ondorioz, Altsasuko zortzi gazteei ezarritako zigor guztiak murriztu zituzten.
Guztiek eska ditzakete jada baimenak
Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zien zortzi gazteei, baina Gorenak, berriz, 1,5 eta 9 urte arteko espetxe-zigorra ezarri zien.
Espetxean dauden zazpi gazteek zigorraren laurdena bete dute jada, eta, beraz, guztiek eska ditzakete baimenak. Dena dela, urtean gehienez ere 36 aldiz irten daitezke kartzelatik. Ainara Urquijo izan zen espetxera bidali ez zuten gazte bakarra; izan ere, urtebete eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta ez zuen aurrekaririk.
Testuinguru horretan, Kartzelako Tratamendu Batzordeak banaka aztertuko ditu eskaerak, eta kasuan kasu baimena onartu edo ukatu duen jakinaraziko du. Hala, eskaera atzera botaz gero, zigortuek Espetxe Zaintzako epailearengana jotzeko aukera izango dute, eta horrek hartuko du orduan erabakia.
Zure interesekoa izan daiteke
Perez Iglesiasek ohartarazi du Bilboko indarkeriak "krosko-zirrikitua" ireki duela demokrazian
Martuteneko espetxea zegoen lekuan etxebizitzak egiteko erakunde arteko akordioa aste honetan lor lezakete
Zozkatu dira Donostiako eta Gasteizko hauteskunde-mahaietako kideak ere
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"