Xabier Atristainen auzian Espainiak jarritako helegitea atzera bota du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak
Xabier Atristain ETAko presoaren auzian Espainiako Gobernuak jarritako helegitea atzera bota du astelehen honetan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Epaitegi horrek Espainiako Gobernua zigortu zuen, Xabier Atristain ETAko presoari bidezko epaiketa izateko eskubidea eta abokatua aukeratzeko eskubideak urratzeagatik. Errekurtsoa atzera bota ondoren, epai irmoa da.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren bost epailek zazpi epai aztertu dituzte, tartean, Atristainena. Auzi horretan jasotako zigorraren aurkako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, Estatuko Abokatuaren bidez, eta orain Estraburgoko epaitegi horrek atzera botatzea erabaki du.
Xabier Atristainek Espainiako Estatua salatu zuen Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean, 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean, abokatua aukeratzen utzi ez ziotela eta orduan egindako deklarazioak kalte egin ziola argudiatuta.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzitakoaren arabera, Espainiak 12.000 euro ordaindu behar zizkion preso donostiarrari eta epaiketako kostuak ere (8.000 euro) bere gain hartu behar zituen.
Etxerat elkartearen ustez, "ehunka euskal preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztela izan atxiloaldian".
"Gure senide preso guzti hoien askatasuna eskatzen dugu", aldarrikatu du Twitter sare sozialean, Europako Auzitegiaren erabakiaren berri izan ondoren.
Zure interesekoa izan daiteke
Perez Iglesiasek ohartarazi du Bilboko indarkeriak "krosko-zirrikitua" ireki duela demokrazian
Martuteneko espetxea zegoen lekuan etxebizitzak egiteko erakunde arteko akordioa aste honetan lor lezakete
Zozkatu dira Donostiako eta Gasteizko hauteskunde-mahaietako kideak ere
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"