Hizkuntza koofizialen erabilera "normalizatzea" babestu arren, hori ezartzea "zail" ikusten du Rodriguezek
Hizkuntza koofizialen erabilera edozein espaziotan "normalizatzea" babestu arren, hori ahalbidetuko duten neurriak ezartzea eta kudeatzea "zaila" eta "konplexua" da Espainiako Gobernuarentzat. Hala esan du Isabel Rodriguez Exekutibo espainiarreko jarduneko eledunak eta Lurralde Politika ministroak.
Diputatu kargurako kredentzialak aurkeztera joan da gaur Rodriguez Kongresura, eta han egin ditu adierazpenok. Kazetariek galdetu baldin badiote ere, ez dio zuzenean erantzun nahi izan atzo Yolanda Diaz Sumar Mugimenduko buruzagiak Kongresuan diputatuek hizkuntza koofizialak erabili ahal izateko egindako proposamenari. Kongresuko araudia aldatzea proposatu zuen hark, parlamentariek euren hitzartzeak euskaraz, galegoz edota katalanez egiteko eskubidea izan dezaten.
Espainiako Gobernuaren bozeramailearen arabera, azken legealdian "aurrerapausoak" eman dira hizkuntza koofizialen erabileraren alorrean. "Espainiako demokrazia demokrazia bizia delako, eta Konstituzioren garapena ere halakoa delako", zehaztu du.
Halaber, erantsi du hizkuntzak ez direla "inoiz borrokarako tresna" gisa erabili behar, "PPk eta Voxek gobernatzen duten lekuetan" egiten duten moduan. Jarrera horiek Espainian "lekurik ez" dutela azaldu du.