Euskadi Irratia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Asiron: "Indar aurrerakoiok erakutsi dugu politikak adosteko gai garela"

UPNren jarrerari begira, kritikatu du ez dela "eraikitzailea" izan, eta "hirian pentsatu" beharra dagoela, "erridikulorik egin gabe".
orain-default-image

Joseba Asiron Iruñeko alkateak goraipatu du Iruñeko Udaleko indar aurrerakoiek "politikak adosteko gaitasuna" erakutsi dutela zentsura-mozioa aurrera ateratzeko akordioarekin.

Iruñeko Udalaren aginte makila hartu eta biharamunean, "irribarrea ezin kenduta", Euskadi Irratiko mikrofonoetan adierazi duenez, "oso kezkagarria" izan da UPNk zentsura-mozioaren aurrean erakutsi duen jarrera: "Ulergarria da hasierako etsipena, baina politikak batzuetan goian kokatzen zaitu, eta besteetan behean. Hirian pentsatu behar da, erridikulorik egin gabe".

Asironek esan du orain "paradigma aldaketa bat" bilatzen dutela, eta indar aurrerakoiek duten "erantzukizun nagusia politika aurrerakoiak urte askotarako geratuko direla bermatuko duen engranajea sortzea" dela.

Horren harira, adierazi du ez duela baztertzen aurrerago PSN EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Zurekinekin batera udal-gobernuan sartzea, eta 2015eko legegintzaldian Geroa Bairekin gertatu zena ekarri du gogora (hasieran ez zen sartu eta gero bat egin zuen).

EH Bilduko alkateak Udalean "aldaketa" egongo dela dioenean zer esan nahi duen galdetuta, erantzun du azken 5 urteetan "paralisia" egon dela Iruñeko Udalean: "Minoria bat izan dugu agintean, ez zena kontziente minorian zegoela, ez duena besteekin ezer negoziatu nahi izan, eta horrek paralisia ekarri dio hiriari".

Horren aurrean, lehenengo egitekoa aurrekontuak onartzea izango omen da, horiekin politika sozialak aurrera eramateko baliabideak eskuratzeko.

Politika horien artean etxebizitzan jarri du azpimarra. Epe laburrera begira, "kale gorrian lo egiten duen jendeari" aterpea ematea bilatuko du, Nafarroako Gobernuarekin koordinatuz: "Orain arteko Udalak gobernuari ere oposizioa egiten zion, eta elkarlana ez da posible izan. Guk Gobernuarekin koordinatu nahi dugu".

Epe luzeagora, Asironen taldeak identifikatuta omen ditu 1.000 inguru etxebizitza eraikitzeko lekuak, eta horiekin batera, jada Udalarenak diren 600 etxebizitzako parke bat ba omen dago. Azken horiek egoera larrian dauden pertsonentzat bideratuko dituztela hitzeman du.

Bestelako gai zehatz batzuetara joanda, argi adierazi du Zangotzako aparkalekuaren proiektua bertan behera utziko dutela, eta beste irtenbide batzuk bilatzen ari direla: existitzen diren parkinetan esku hartzea, Galizia etorbideko lanak aprobetxatzea lurpeko aparkalekuak egiteko, etab.

Bestalde, Erorien Monumentuari bestelako esanahi edo erabilera bat emateko prozesu partehartzaile bat martxan jarriko dutela jakinarazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

MADRID, 07/09/2026.- La investigación a José Luis Rodríguez Zapatero por el caso Plus Ultra se reanuda en la Audiencia Nacional con la declaración del presidente de la aerolínea, Julio Martínez Sola (c), quien presentó un escrito de colaboración en el que apuntó a la "pretensión de cobrar" del expresidente a la hora de conseguir el préstamo para la compañía.El expresidente de Plus Ultra declara que asumió que el pago del 1 % iba para Zapatero.- EFETV
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Plus Ultrako presidente ohiak onartu du bere airelineak lortu zuen maileguaren % 1eko komisioa Zapateroren taldearentzat izan zela

Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, idatzian jasotakoa berretsi du airelinea horretako presidente ohi eta bazkide nagusi Martinez Solak. Idatzi horretan aipatzen zuen Zapateroren izen mailegatzaile Julio Martinez Martinezek eta Espainiako presidente ohiak "diru kopuru bat" jaso zutela airelinearentzako mailegu bat lortzeko prozesuan bitartekari lanak egiteagatik.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Otegi: "Euskal Herriak hauteskundeetan frogatuko du antifaxista eta antiautoritarioa dela; ez dut uste partida galduta dagoenik"

Alemanian eskuin muturrak lortutako garaipenaren aurrean kezkatuta agertu da Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusia, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Otegik ohartarazi du Espainiako eta Frantziako estatuak eskuin muturraren menpe geratzeko arriskua dagoela balizko hauteskunde orokorretan. Hala ere, "partida ez dago galduta" adierazi du, baina egoerari aurre egiteko prest egoteko deia egin du. Zentzu horretan, alderdi abertzaleek zerrenda bateratua osatzearen aldeko apustua berretsi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X