Koldo Martinezek prostatako minbizia duela eta datorren astean ebakuntza egingo diotela azaldu du
Koldo Martinez Iruñeko Udalean Geroa Baiko zinegotzi denak prostatako minbizia duela iragarri du, eta datorren astean, hilaren 26an, ebakuntza egingo diotela. Egun batzuez lanetik at egongo da, beraz.
X sare sozialeko bere profilean argitaratu duen bideo batean, Martinezek nabarmendu du martxoaren 27an Iruñeko Udaleko udalbatzak "aurrekontu berriak eta onak onartuko" dituela.
Bera, ordea, ezingo da batzar horretan egon. Izan ere, bideo horretan azaldu duenez, "duela denbora bat prostatako minbizia" atzeman zioten. "Noski, Bideko Ama Birjina Ospitale ohian jarraipena egin didate, eta, orain nagoen egoeran, beharrezko ikusi dute ebakuntza".
Zinegotziak azaldu duenez, joko-zelaitik kanpo egongo da egun batzuez, baina "indarberrituta" itzuliko dela hitz eman du, "Iruñea kohesionatuagoa, justuagoa, askeagoa eta dibertigarriagoa bultzatzen jarraitzeko". "Hori bai, oroz gaindi, ezerk eta inork ez diezagula irribarrea lausotu", esan du, amaitzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"