Gorenak Cerdan inputatu du eta ekainaren 30erako deitu du bere deklarazioa
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak ekainaren 30ean eman beharko ditu azalpenak Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko epailearen aurrean ‘Koldo auzia’ delakoan inputatu gisa. Obra publikoen esleipenen truke legez kanpoko eskupekoak jasotzea leporatzen diote, besteak beste.
Atzo, bestalde, Guardia Zibilaren UCO unitateak PSOEren Madrilgo egoitza nagusia eta Garraio Ministerioarena miatu zituen, informazio bila. Zehazki, Cerdanen posta elektroniko korporatiboa klonatu zuten ikertzaileek, eta Adifeko eta Errepideen Zuzendaritza Nagusiko dokumentuak bildu zituzten.
Bere autoan, gainera, Cerdanen izenean dauden higiezinak eta banketxeetan dituen kontuak arakatzea ere eskatu du epaileak.
Atzo, sozialisten Antolakuntza idazkari izandakoak Goreneko epaileari eskatu zion bere deklarazioa atzeratu eta uztailerako beste data bat jartzea. Berez, datorren asteazkenerako zegoen deituta.
Benet Salellas abokatuak aurkeztutako idatzian, auziaren tamaina eta konplexutasuna aipatzen dira, data atzeratzea eskatzeko. Auzipetuei leporatzen zaizkion delituen izaera ezberdina eta gaiaren oihartzun soziala erabili dira argudio gisa.
Joan den astean zabaldutako Guardia Zibilaren UCO unitatearen txosten baten arabera, Cerdanek obra publikoen kontratuetan legez kanpoko komisioak kobratzen zituen. Ikertzaileek uste dute politikari nafarra zela Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiarekin eta azken horren aholkulari zen Koldo Garciarekin batera osatzen zuen sarean eskupekoak kudeatzen zituena. Azken bi horiek datorren astelehenean daude deituta deklaratzera.
Bost enpresaburu ikerketapean
Horiez gain, bost enpresaburu ere ikertzeko eskatu du epaileak: Antonio eta Daniel Fernandez Menendez, Fernando Agustin Merino, Jose Ruz eta Joseba Antxon Alonso. Obra publikoen esleipenen truke ustez ordainketak egin zituzten enpresetako arduradunak dira horiek. Uztailaren 4an eta 7a bitartean deklaratu beharko dute.