Gastu militarrera % 2,1 bideratuko duela berretsiko du Sanchezek NATOren goi-bileran, presioak presio
Aliantza Atlantikoa osatzen duten 32 herrialdeetako ordezkariak Hagan elkartuko dira gaur eta bihar. Orotora, 45 estatuburu eta gobernuburu espero dira. Bigarren aldiz AEBko presidente kargua hartu zuenetik, lehen aldiz joango da Trump goi-bilerara.
Espainiako Gobernuak berretsi du Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,1 bideratuko duela aurten gastu militarrerako, atzo Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak beste zenbaki bat eman bazuen ere: azken horren arabera, BPGren % 3,5 jarri beharko du Espainiak, hala adostuta dutelako.
Gaur Hagan (Herbehereak) NATOK egingo duen goi-bileraren bezperan esan zituen hitzok Ruttek, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak iragarritakoa ukatuz. Gobernuburu espainiarrak agerraldi berezia egin zuen igande arratsaldean, Aliantza Atlantikoarekin akordioa lortu zutela azaltzeko, defentsarako gastuaren inguruan. Jakitera eman zuenez, Espainiak bere BPGaren % 2,1 bideratuko du defentsara, "ez gehiago, ez gutxiago", eta horrek NATOrekin dituen konpromiso guztiak bermatzea ahalbidetuko diola ere esan zuen.
Ikusteko dago, beraz, Sanchezek gaur NATOren aurrean zer esango duen eta zertan geratzen den gastu militarrera bideratu beharrekoa. Jose Manuel Albares eta Margarita Robles Atzerri Gaietako eta Defentsa ministroak, hurrenez hurren, lagunduta joango da Hagara presidente sozialista.
Espainiak akordioa lortu du NATOrekin, Defentsan % 5 gastatzetik salbuesteko
Bestalde, goi-bileran begiradak bereganatuko dituena Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izango da, Israel eta Iranen arteko su-etena iragarri eta ordu gutxira. Bigarren aldiz presidente kargua hartu zuenetik, lehen aldiz hartuko du parte Aliantza Atlantikoaren bileran.
Kritikak
Rutten adierazpenen ondotik, kritikak bata bestearen ondotik iritsi zaizkio Sanchezi. Alderdi Popularretik, Cuca Gamarra idazkari nagusiak esan dio "gezurrak hanka motzak" dituela. Bere hitzetan, "Sanchez mugarik gabeko gezurtia da".
Hitz berberak erabaki ditu Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak ere. "Gezurrak hanka motzak ditu eta Sanchez ondo ezagutzen dugu", idatzi du X sare-sozialean.