Jaiotzagatiko baimena 17 astera luzatzea eta zaintzagatikoaren zati bat ordaindua izatea adostu dute Sumarrek eta PSOEk
Biharko Ministroen Kontseiluan onartu nahiko luke Sumarrek dekretu berria. Neurri berriak ezarrita, besteak beste, kontziliaziorako Europako zuzentaraua ez betetzeagatik EBk Espainiari isuna jartzea saihestu nahi da.
Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuko bazkide diren PSOEk eta Sumarrek akordioa lortu dute haurren jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimenak zabaltzeko: jaiotzagatiko ordaindutako baimena 16 astekoa izatetik 17koa izatera igaroko da, eta seme-alaben zaintzarako 8 asteko baimenari bi aste gehituko zaizkio; azken horiek, gainera, ordainduak izango dira.
Sumarrek eman du akordioaren berri. Koalizioak jakinarazi duenez, bihar, uztailak 29, egitekoa den Ministroen Kontseiluan onartu nahi dute Lege Dekretua, besteak beste, Europak ezarri behar dion isuna saihesteko.
Hiru dira akordioak jasotzen dituen neurri berriak. Batetik, umeak jaio eta 12 hilabete bete arte gurasoek egun duten 16 hilabeteko ordaindutako baimena astebete luzatuko da, 17 astera arte. Neurri hori "berehala" sartuko da indarrean.
Bestetik, seme-alabek 8 urte izan arte gurasoek duten zortzi asteko zaintzarako baimenari (ordaindu gabekoa) bi aste erantsiko zaizkio; azken horiek % 100 ordainduko dira, eta neurria atzeraeraginekoa izango da, 2024ko abuztutik hasita.
Azkenik, guraso bakarreko familiek umeen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimena 32 asteko izatea adostu dute Sumarrek eta PSOEk, eta horietako lau seme-alabek 8 urte izan arte erabili ahalko dira.
Europaren isuna
Yolanda Diazek zuzentzen duen koalizioak adierazi duenez, berebiziko garrantzia du adostutakoa biharko Ministroen Kontseiluan onartzea, kontziliaziorako Europako zuzentaraua ez betetzeagatik EBk abuztuaren 1etik Espainiari ezarriko dion isuna ekidin nahi bada —40.000 euro, egun bakoitzeko—.