Gernikako Estatutua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eskualdatzeke dauden transferentziak: zeintzuk dira eta zertan dira negoziazioak?

Ostiral honetan gauzatu diren bost eskualdaketez harago, Autonomia Estatutuak aitortutako beste 15 transferentzia falta ditu EAEk. Eskumenen nahas-mahasean ez galtzeko, honatx egin gabekoen zerrenda gaurkotua. 

Oraindik 15 eskumen falta dira Gernikako Estatutua guztiz betetzeko.
Oraindik 15 eskumen falta dira Gernikako Estatutua osatzeko.

46 urte badira Gernikako Autonomia Estatutua onartu zela, baina, gaur-gaurkoz, osorik bete gabe dago araua. 1979 urrun hartan jasotako eskumen zerrenda luzean, eta ostiral honetan eskualdatu diren bost eskumenak alde batera utzita, oraindik 15 dira Eusko Jaurlaritzaren esku geratzeko zain daudenak 1979ko konpromisoak betetzeko. 

Honako hauek dira eskualdatzeke dauden transferentziak, arloka sailkatuta:  

Gizarte Segurantza

Zalantzarik gabe, eskumen delikatu eta konplexuenetako bat, konplexuena ez bada. Horren ondorioz, eskualdatzea zatika egitea adostu zuten bi gobernuek. Lehen pausoa ostiral honetan eman da, ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak eta eskola aseguruak eskualdatuta.  

1)   Mutua laguntzaileak

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko luke mutualitate laguntzaileen (laneko mutualitateak) zuzendaritza eta tutoretza. Transferentzia hori eskualdatzeko Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarena litzateke oinarri, antzeko molde eta finantzazio eredua jarraitu nahiko bailuke Jaurlaritzak. 

2) Laneko eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritza

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eskumena handitzea da kontua —berez, 2011n transferitu zen—, baina ez daude jasota ordutik eskualdatu diren prestazioen kontrola. 

3) Gizarte Segurantzako kotizazio bidezko prestazioak eta Itsasoko Gizarte Institutua 

Ordaindutakoaren araberako prestazio gehienak transferitzea falta da, hau da, erretirokoak, ezintasun iraunkorrarengatik jasotakoa, umezurtz-pentsioa eta alargun-pentsioak Horiek denak Espainiako Gobernuaren esku daude oraindik.

Gainera, Gernikako Estatutuak Itsasoko Gizarte Institutua Jaurlaritzaren esku geratzea aurreikusten du. Erakunde horri dagokio arrantzaleen araubide bereziko prestazioak kudeatzea, baita itsasoko eta arrantzako sektoreari eragiten dioten beste gai batzuk ere.

4)  Soldatak Bermatzeko Funtsa

Estatutuaren arabera, Soldatak Bermatzeko Funtsa (FOGASA, gaztelerazko sigletan) kudeatzea Euskadiri dagokio. Erakunde hori arduratzen da langileei ordaintzeke dauden soldatak eta kalte-ordainak pagatzeaz, enpresa bat kaudimengabe edo hartzekodunen konkurtsoan badago. 

5) Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa

Eskumen honen korapilo handienetakoa da, askatzen zailena. Horren lekuko, urteotan gehien katramilatu den negoziazioa izan da. Estatutuak berak jasotzen duenez, esku aldaketa 'kutxa bakarra' hautsi gabe eta elkartasun printzipioa errespetatuta egin behar da. Transferituz gero, Jaurlaritzak bere gain hartuko  du enpresak inskribatu eta zehatzeko ahalmena, baina baita langileen afiliazioa, kotizazioaren kudeaketa eta kuoten kontrola eta geroratzea. 

Azpiegiturak

6) Portuak

Jaurlaritzak iazko apirilean hartu zuen bere gain itsasertzaren kudeaketa eta antolamenduaren eskumena. Horren arabera, Bilboko eta Pasaiako portuak kenduta, gainerakoak EAEren menpe daude. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako bi portu handiak interes orokorrekoak dira, sailkapenaren arabera, eta Espainiako Estatuak kudeatzen ditu. 

Hala ere, biak Gasteizko gobernuaren menpe beharko luketela defendatu du beti Eusko Jaurlaritzak. Pasaiako portuaren kasuan, dekretu bidez moldaketa egitea proposatu du, ondasunak, eskubideak, langileak eta baliabideak eskualdatuta. Bilboko portuari dagokionez, kudeaketa ereduan sakontzeko proposamena egin du Pradalesen exekutiboak. 

7) Aireportuak

Pasaiako eta Bilboko portuetan gertatzen den bezala, Forondako (Gasteiz), Bilboko eta Hondarribiko aireportuak interes orokorrekoak dira, eta, beraz, Estatuaren menpekoak. 

Urteotan tirabira askoren iturri izan da transferentzia hori, eta, horrenbestez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak negoziatzen jarraitzen dute. Lakuak egindako azken proposamenean, interes orokorreko klasifikazioari eustea planteatu da, baina kudeaketa EAEren esku utzita. 

Bilboko aireportua. Bilboko aireportua, EFEren artxiboko argazki batean.

8) Turismo-paradoreak

Eusko Jaurlaritzak 2011tik ditu turismoaren inguruko eskumenak, baina Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Argomanizko (Araba) paradoreak Paradores de Turismo Espainiako enpresa publikoaren menpekoak dira, eta Turespaña konpainia da emakidaduna. 

Eskualdatzea bi fasetan egitea proposatu du Jaurlaritzak: lehenengoan, emakidari eutsiko litzaioke; bigarren fasean, euskal administrazioak bi paradoreetako langileak subrogatzea planteatzen da. 

Segurtasun publikoa

9) Trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa

40 urte badira Eusko Jaurlaritzak Trafikoko eskuduntza bereganatu zuela, baina arlo horretan eskumenak zabaltzea da asmoa. Besteak beste, zirkulazio-baimenak ematea eta ibilgailuen matrikulazioa edo gidarien edo aztertzaileen azterketak antolatzea eskatu du EAEko gobernuak. 

10) Udal Hauteskundeen Araubidea

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak eta foru-hauteskundeak Euskadiren eskumenekoak dira, baina Espainiako Estatuak elementu komunak arautzen ditu, hala nola errolda, hauteskunde-batzordeak edo hauteskunde-arloko errekurtsoak.

Eusko Jaurlaritzak udal hauteskundeen antolaketa osoa Euskadira transferitzea proposatu dio Espainiakoari, baina betiere foru gobernuen esku utzita, Estatutuak hala jasotzen baitu. 

Ogasuna, Finantzak eta enpresa

11) Kreditu ofiziala eta kreditu eta bankuen antolamendua

Estatutuak finantza alorrean autogobernua aitortuta dio EAEri, baina Eusko Jaurlaritzak uste du Finantzen Euskal Institutuari zeregin aktiboagoa eman ahalko litzaiokeela. Kreditu publikoa kudeatzeko tresnak eskura nahi lituzke, euskal enpresentzako finantzaketa- eta berme-programak bideratu ahal izateko. 

Gernikako Estatutuak bankuak antolatzeko eta gainbegiratzeko eskumenak ere jasotzen ditu, baina oraindik ez dira garatu.

12) Aseguru pribatuak

Aseguru-sektore pribatua kudeatu eta gainbegiratzeko eskuduntza jasota, Euskadin jarduten duten aseguru-etxeak arautzeko eta kontrolatzeko modua izango luke Jaurlaritzak, horretarako erakunde propio bat sortuta. 

13) Nekazaritzako aseguruak

Euskadik eskumen esklusiboa du nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta garapen ekonomikoaren arloetan. Hala ere, nekazaritza-aseguruen kudeaketa Nekazaritzako Aseguruen Estatuko Erakundean (ENESA) zentralizatuta dago.

Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea babestu du, EAEk ENESA erakundearen funtzioak bere gain har ditzan, baina Estatuko nekazaritzako aseguruen sistema aldatu gabe. 

14) Herri Lanetako Ikasketa eta Esperimentazio Zentroak (CEDEX)

Kasu honetan, ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko funtzioen eskumena zabaldu nahiko luke Jaurlaritzak (2009an eskualdatu zuten). Jaurlaritzaren azken proposamenaren arabera, EAEk Estatuarekin duen lankidetza indartuko luke, baina koordinazio orokorra, langileen kudeaketa eta azpiegiturak Estatuaren eskumenpean mantenduta.

15) Industria alorreko enpresa txiki eta ertainen sustatzea eta finantzatzea

Industria, energia eta meatze-zerbitzuak EAEren eskumenekoak dira 80ko hamarkadaz geroztik, baina oraindik ez da garatu enpresa mota horiei laguntzeko mekanismoak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X