Hego Euskal Herri osoa eremu tentsionatu izendatzeko proposamenak erregistratu ditu EH Bilduk
Koalizioak bi proposamen aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak baliatu eta EAE zein Nafarroa eremu tentsionatuko izendatzeko prozedura has dezaten.
Pello Otxandiano eta Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia: EITB
EH Bilduk ekimen bana erregistratu du Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Hego Euskal Herri osoa tentsio handiko eremu izendatu dadila eskatzeko. Orain arte udalerri batzuek soilik lortu dute eremu tentsionatu izendatzea eta orain EH Bilduk lurralde osoan nahi du alokairuen prezioa mugatzea eta alokairu kontratuak hiru urtez luzatzea.
Ekimena erregistratu ondotik Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak hedabideen aurrean azaldu duenez, eremu tentsionatuaren figura zabaltzea garrantzitsua da.
2023ko Etxebizitza Legeak aukera ematen du etxebizitza arloan tentsio handiko eremuak izendatzeko. EH Bilduren arabera, legeak ahalbidetzen du izendapena lurralde osora hedatzea, ez baititu espreski udalerriak aipatzen. Koaliziaren iritziz, ezinbesteko pausoa da arazoa "orokorra" delako.
EH Bilduk ohar bidez ohartarazi duenez, etxebizitzarako sarbidea "benetako gizarte larrialdi" bihurtu da eta "merkatuan esku hartzeko eta espekulazioari mugak jartzeko gai diren politika publikoak behar dira".
"Orokorra den arazo batek konponbide integralak eskatzen ditu" EH Bilduren arabera, baina EAEko eta Nafarroako gobernuek "modu mugatuan" aplikatu dute "lurralde bakoitzaren zati handi bat kanpoan utzita".
Bestalde, EH Bilduk bi gobernuei eskatu die alokairuaren prezioen erreferentzia indize propioak garatzeko.