Kontzertu Ekonomikoari buruzko bost sinesmen oker
EAEko Kontzertu Ekonomikoa euskal erakundeen eta Estatuko Administrazioaren arteko zerga- eta finantza-harremanak arautzen dituen ituna da. Aldiro-aldiro kritikak jaso ohi ditu, eta kritika horiek erabat okerrak diren edota errealitatearekin bat egiten ez duten baieztapenen bidez egiten dira. Hala uste du, behintzat, Pedro Luis Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua zelarik, 1981ean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabarako Kontzertu Ekonomikoa berreskuratzea ahalbidetu zuen Batzorde Negoziatzaileko presidente izan zenak.
Gaur egun, Kontzertuaren Komunitatea plataforma herritarra zuzentzen du Uriartek. Plataforma horren xedea da euskal jendartea sentsibilizatzea politika fiskaleko tresna horren defentsaren alde esku hartzeko beharrizanari buruz. Helburu horrekin, hainbat argitalpen plazaratu ditu, Kontzertuaren inguruan dagoen ezagutza zabaltzeko eta aipatu baieztapen oker horiek gezurtatzeko asmoz.
Horrela, honako hauek dira, Uriarteren esanetan, Kontzertu Ekonomikoari buruz egin ohi diren 5 sinesmen oker:
"Euskal herritarrek ez diote Estatuari ezer ordaintzen"
Euskal Autonomia Erkidegoak Kupoa ordaintzen dio urtero-urtero Estatuari, hots, transferitu ez dizkion eskuduntzak garatzearen truke ordaintzen dio Espainiako Gobernuari, edozein izanik ere hark eskuduntza horiek garatzen dituen tokia (EAEn zein EAEtik kanpo). Ordaindu beharreko kopuru hori hitzartu egiten da, eta, egun, Estatuak eskuduntza horietan gastatzen duen zenbatekoaren % 6,24koa da.
Ehuneko hori 1981eko Kontzertuan ezarri zen, garai hartan Euskadik Estatuarekiko zuen Barne Produktu Gordina zenbatekoa zen aintzat hartuta, eta bere horretan mantendu du gaur arte.
Horrenbestez, Euskadik lau motako gastuak ordaintzen dizkio Estatuari:
1. Estatuaren berezko eskuduntza batzuk: Gorteak, Errege Etxea, enbaxadak, Defentsa...
2. EAErenak diren baina transferitu gabe dauden eskuduntzak: Espetxe Zaintza eta Gizarte Segurantza, besteak beste.
3. Estatuaren eskuduntza batzuk, elkartasunarekin lotutakoak. Lurralde-arteko Konpentsazio Funtsari dagokiona, esaterako; errenta handiena duten erkidegoek txikienei lan publiko jakin batzuk egiteko emandako dirua, hain zuzen.
4. Estatuaren zorren korrituak eta amortizazio-kuotak.
Ikus daitekeenez, Euskadik Estatuaren gastuen ehuneko jakin bat ordaintzen du, nahiz eta gastu horiek ez duten euskal herritarrengan eragin zuzenik (adibidez, beste erkidego batean Espainiako Abiadura Handiko trena egiteko lanak ordain daitezke).
Eustatek urtero argitaratzen dituen datuen arabera, 2001etik 2013ra doan tartean, Estatuak Kupo Gordinaren bidez jasotakoa baino 15.026 milioi euro gutxiago gastatu ditu Euskadin.
Kontzertu Ekonomikoa "Erdi Aroko abantaila" da
Hirugarren karlistaldiaren amaierak (1872-1876) Foruen desagertzea ekarri zuen, 1876ko uztailaren 21eko Legearen eskutik. Desagertutakoan, Kontzertu Ekonomikoa onartu zen, Alfontso XII.ak 1878ko otsailaren 28an emandako Errege Dekretuaren bidez.
Hartara, Kontzertua Foruak ezabatu ondoren eta XIX. mendean ezarri zen inposaketa bat da.
Ordutik hona, guztira bederatzi kontzertu onartu dira (1878, 1887, 1894, 1906, 1925, 1952, 1976, 1981 eta 2002an), eta bakoitzaren indarraldiak gero eta denbora-tarte luzeagoak hartu ditu denboran zehar.
1981etik, Kontzertua Lege bidez onartu ohi da (ez Dekretu bidez, aurreko guztiekin gertatu legez). Lege hori Gorte Nagusiek onartzen dute, aldez aurretik Estatuaren eta Euskadiren arteko hitzarmen bat adostu ostean.
Egun indarrean dagoen Kontzertua 2002koa da, eta indarraldi mugagabea dauka, berriro beste bat negoziatzen den arte. 1981ekoan oinarritzen da, Estatuaren eta Euskadiren artean adostutako aldebiko hitzarmen gisa sortutakoan.
Aipatutakoez gain, Kontzertuak Espainiako Konstituzioaren berariazko aintzatespena dauka; izan ere, Lehenengo Xedapen Gehigarrian honako hauxe dago jasota: "Konstituzioak lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu".
"Espainiak porrot egingo du Kontzertua gainerako autonomia erkidegoetara hedatzen bada"
Hamazazpi autonomia erkidegoek Estatuari kupo bat (Estatuarekiko duten Barne Produktu Gordinaren araberakoa) ordainduko baliote bere gain hartu gabeko Estatuaren karga guztien truke, hark bere aurrekontuaren zenbatekoaren % 100 jasoko luke.
Horrela, Estatuaren gastuko kontzeptu guztiak (Kanpo Arazoak, Defentsa, Errege Etxea, Gorte Nagusiak eta abar) finantzatuta egongo lirateke, hau da, Estatuari dagozkion eskuduntza guztiak. Halaber, autonomia-erkidego bakoitzeko autonomia-estatutuetan jasota egon baina transferituta ez dauden eskuduntzen gastuak ere estalita leudeke.
Horrenbestez, Estatuak ez luke porrot egingo, eta aurrekontuetako beharrizan guztiak beterik izango lituzke.
Kontzertu Ekonomikoak Euskadi "paradisu fiskal" bihurtzen du
Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, paradisu fiskal bat honakoa da: "lurralde edo Estatu jakin bat, zeinak bereziki mesedegarri zaien zerga erregimena aplikatzen dien bertan legalki helbideratzen diren herritar edo enpresei, nahiz eta benetan han ez bizi". Gehienetan, abantaila horiek erabateko zerga-salbuespena edota zerga nagusienen ordainketan murrizketa handiak egitea dakarte".
Paradisu fiskal horiek direla-eta, Estatuek milaka milioi euro biltzeari uzten diote, zerga-sistemek dituzten zirrikituengatik.
Aitzitik, Kontzertu Ekonomikoaren Printzipio Nagusietako bat da "benetako presio fiskal orokorra", gutxienez, Estatuko gainerako lekuetan dagoenaren parean egongo dela beti. Beraz, ezin daiteke paradisu fiskalik egon Euskadin, printzipio hori zorrotz bete baita 1981ean onartu zenetik. Are gehiago, benetako presio fiskal orokorra beti egon da Estatuaren batezbestekoaren gainetik.
"Eskubide historikoen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio"
Kontzertuak aitortzen dituen zerga-ahalmenen titularrak Lurralde Historikoak dira: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.
Lurralde Historikoen jatorria Euskal Autonomia Erkidegoa sortu baino askoz lehenagokoa da. Hori dela eta, 1878an onartu ziren Kontzertu Ekonomikoen titularrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren.
Indarrean dagoen Kontzertuak jatorri historiko hori aitortzen du, eta, horregatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak dira zergak bildu, ikuskatu eta kudeatzen dituztenak, dagozkien foru ogasunen bidez.
Hori bai, Eusko Legebiltzarrak eskuduntza dauka hiru lurraldeen artean koordinazioa, harmonizazioa eta lankidetza izatea bermatzeko, eta horrela dago jasota Gernikako Estatutuan eta Kontzertu Ekonomikoan bertan.
Zergak bildutakoan, foru ogasun bakoitzak dagokion kopurua ordaintzen dio Eusko Jaurlaritzari, eta Jaurlaritzak, aldi berean, Kupoa ordaintzen dio Gobernu Zentralari.
Geratzen den kopuruarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak lantzeaz gain, Lurralde Historikoetakoak eta EAEko 251 udaletakoak lantzen dira. Horrela, euskal erakunde guztiak Kontzertu Ekonomikoaren bitartez lortzen diren baliabideekin finantzatzen dira.
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.