Yolanda Diazek gaitzetsi egin ditu Ignacio Sanchez Galanen adierazpenak, behartsuenei "iseka" egiteagatik
Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Laneko eta Gizarte Ekonomiako ministroak bere adierazpenak "berehala" zuzentzeko eskatu dio Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteari ostiral honetan, Sagunton (Valentzia) egindako ekitaldi batean behartsuenei "iseka" egiteagatik.
Galanen arabera, "Gobernuak ezarritako tarifa arautuarekin" jarraitzen duten "ergelek bakarrik" ordaintzen dute argindarra garestiago. Diazen arabera, "lotsagarriak" dira hitzok.
"Berehala zuzendu behar ditu adierazpenak, ez da edonor. Beraren gisako pertsona batek gure herrialdeko pertsona behartsuenei barre egitea lotsagarria da", eskatu du bigarren presidenteordeak prentsaurreko batean.
Lan Ministroak gogorarazi duenez, "zaurgarrienak dira tarifa horri heltzen diotenak", eta azpimarratu du Iberdrola dela "euren onura erraldoiak areagotu dituzten" hiru konpainia elektriko handietako bat.
"Uste dut herritargoak ez duela Galan jaunaren zuzenketa bakarrik espero, baita adierazpenengatik barkamena eskatzea ere", nabarmendu du Diazek.
Nadia Calviño Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak ere kritikatu du Sanchez Galanen "enpatia eza", argindarraren tarifa arautua daukaten kontsumitzaileak "ergel" deitu izanagatik.
"Harrigarriak iruditzen zaizkit familientzako, herritarrentzako eta espainiar ekonomiarentzako hain garrantzitsua den gai bati buruz hitz egiteko darabiltzan enpatia eza, arintasuna eta tonua", adierazi du lehen presidenteordeak TV3 kateko 'Els Matins' saioan eskainitako elkarrizketa batean.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako