Ukrainako gerraren ondorioak, sei hilabeteren ostean: inflazioa goraka eta ekonomia atzeraka
Gaur sei hilabete hasi zen Ukrainako gerra eta gatazka horren ondorio nagusiak bi izan dira Espainian: prezioen etengabeko gorakada eta ekonomiaren atzeraldia. Halaber, ziurgabetasun ekonomikoa Europa osora hedatu da.
Adierazle makroekonomikoek erakusten dute Barne Produktu Gordinak (BPG), oraingoz, eutsi egiten duela, baina udazkena gogorra izango dela aurreikusten da. Enpleguari dagokionez, lanpostu berriak sortzeko prozesua moteltzen hasi da orain.
Inflazioak, berriz, gorako joeran dago eta duela 40 urteko markak hautsi dira.
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 10,8raino iritsi zen uztailean, ekainean baino sei hamarren gehiago. 1984ko irailetik ez zen horrelakorik gertatzen. Igoera historiko hori argindarraren prezioaren garestitzeak eragin zuen: argiaren prezioa bikoiztu egin baita 2021eko uztaileko datuekin alderatuta.
Batez ere produktu energetikoak (% 41,4) garestitu dira, baina baita turismoari lotutako zerbitzuak ere, hala nola hotelak eta ostatuak (% 33,8), nazioarteko hegaldiak (% 21,6) edo eskaintza turistikoak (% 17,9).
Azpiko inflazioa -elikagai freskoak eta energia kontuan hartzen ez duena-, berriz, % 6,1ekoa da, 1993tik altuena.
BPG eta kontsumitzaileen konfiantza
Apirila eta ekaina bitartean, ekonomiak % 1,1eko susperraldia izan zuen, etxeetan gehiago kontsumitzen zelako, prezioak garestiak izan arren.
Urteko lehen hiruhilekoan, baina, familien kontsumoak behera egin zuen, covid-19aren seigarren olatuaren eta Ukrainako gerraren hasieraren eraginez, eta BPGa bat-batean % 0,2ra jaitsi zen, aurreko bi hiruhilekoetan % 2an egon ostean.
Uztailean berriro egin zuen behera kontsumitzaileen konfiantzak, testuinguruagatik eta hurrengo sei hilabeteetako aurreikuspen ekonomikoa txarra zela ikusita.
Kontsumitzaileen konfiantzaren adierazlea 55,5 puntutan zegoen uztailean, ekainean baino 10,4 puntu beherago, ikuspegia positiboa dela adierazten duen 100 puntuetatik oso urrun.
Erosketa indizea sektore pribatuan
Bestalde, Espainiako zerbitzuen sektorean jarduerak gora egin zuen uztailean, baina ekainean baino motelago eta espektatiba ziurrik gabe, prezioen garestitzea dela eta.
S&P Global konpainiak egindako indizearen arabera, enpresa pribatuen jarduera 53,8 puntutan kokatu zen uztailean. 50 puntu baino gutxiago izanez gero, atzeraldian sartu dela ulertzen da.
Hain justu ere, manufaktura-sektorean maila negatiboan dago uztailaz geroztik, 48,7 puntu lortu baitu, inflazioaren eta ziurgabetasun ekonomikoaren ondorioz.
Langabeziak behera egin du, baina baita afiliazioak ere
Langabezia-tasa % 12,48ra murriztu zen Espainian -% 8,7ra Hego Euskal Herrian- urteko bigarren hiruhilekoan, 2008tik daturik onena, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.
Alabaina, Gizarte Segurantzak 7366 afiliatu galdu zituen uztailean. 2001etik ez zen galerarik ematen.
Gauzak horrela, lanean dauden pertsonak 20,34 milioi dira Estatuan; 2,88 milioi lagun, berriz, Enpleguaren Zerbitzu Publikoko bulegoan erregistratuta daude, Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera.
Argindarraren eta erregaiaren prezioak
Argindarraren prezioa asteazken honetan 436,25 eurokoa da megawatt orduko, preziorik altuena Espainiako Gobernuak gasaren garestitzeari ezarritako muga indarrean dagoenetik.
Marka guztiak, baina, martxoaren 8an hautsi ziren: 544,98 euro ordaindu behar ziren megawatt orduko.
Gasolina eta gasolioaren prezioak, aldiz, jaitsi egin dira azken bi hilabeteotan, eta Gobernuak ematen duen 20 zentimoko laguntzarekin, kontsumitzaileek arnas pixka bat hartu ahal izan dute.
Joan den asteko datuen arabera, Espainian gasolina litroa bataz beste 1,597 eurotan dago eta gasolio litroa, 1,066 eurotan.
Prezio horiek abuztuan inoiz eman diren altuenak badira ere, % 18 eta % 15 merkeagoak dira, hurrenez hurren, uda hasierakoekin alderatuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.
Urte arteko KPIa % 3,5eraino igo da uztailean Espainian, erregaien eta argindarraren igoeragatik
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat igo da uztailean, % 3raino.