Euskadiko etxebizitza berrien prezioa, maximo historikoetan: 3.450 euro metro koadroko
Nafarroa aurretik (% 6,4) dago etxebizitza berrien prezioaren urtebeteko igoerari erreparatuta. Hiriburuei banan-banan begiratuta, batez besteko preziorik altuena Donostian dago, gero, Bilbon, eta azkenik, Gasteizen.
Etxebizitza berria eraikitzeko lanak. Artxiboko argazkia: Europa Press
Etxebizitza berrien prezioa % 6,5 garestitu da Euskadin 2025eko lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Batez beste, 3.450 euroan dago metro koadroa, inoizko preziorik altuenean, eta Espainiako batez besteko prezioa baino 300 euro garestiagoa da (3.151 euro inguru, metro koadroko).
Horixe adierazi du Tasazio Sozietateak etxebizitza berrien prezioei buruz egindako txostenak. Horren arabera, Nafarroa aurretik (% 6,4) dago etxebizitza berrien prezioaren urtebeteko igoeran.
Hiriburuei banan-banan begiratuta, Donostian dago batez besteko preziorik altuena (4.673 €/ m²), gero Bilbon (3.373 €/ m²) —biak inoizko garestien— eta azkenik Gasteizen (2.634 €/ m²).
Gainera, Donostia Estatu mailan prezio unitario altuena duen hirugarren hiriburua da, Bartzelonaren (5.695 €/ m²) eta Madrilen (4.893 €/ m²) ondoren.
Testuinguru horretan, urte arteko aldakuntzarik nabarmenena Donostian eta Bilbon izan da, urtebetean % 6,7 eta % 6,6 hazi baita, hurrenez hurren; ondoren, Gasteizen (% 5,8).