Albiste izango dira: Lanbidearteko gutxieneko soldata, Amaya Zabarteren senarraren agerraldia eta Gorka Urbizuren disko berria
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ordezkari sindikalak gutxieneko soldata propioaren kanpainaren aurkezpenan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urriaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lanbidearteko gutxieneko soldata: Confebask patronala eta ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuak aurrez aurre izango dira gaur Bilbon, EAEn Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko aukerari heltzeko deitutako adiskidetze-ekitaldian. Hitzordua 12:00etan izango da, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.
- Amaya Zabarteren senarraren agerraldia: Amaya Zabarteren auzia, iazko martxoan Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian Ertzaintzaren karga batean larri zauritutako realzalearen kasua, Eusko Legebiltzarrera iritsiko da gaur. Haren senarrak eta abokatuak, Joseba Novoak eta Iker Sarriegik, hurrenez hurren, agerraldia egingo dute Gasteizko Ganberan, 11:30ean, kasuaren inguruko euren bertsioa azaltzeko.
- Gorka Urbizuren disko berriaren aurkezpena: Gorka Urbizuk Bakan II izeneko EP berria aurkeztuko du gaur. Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldia Gaztean zuzenean jarraitu ahalko da. Saioa 10:30ean hasiko da.