EBk eta Mercosurrek merkataritza akordio historikoa sinatu dute, Lula faltan zela
Bi eskualdeek ia 26 urteko negoziazio aldia amaitu dute, akordioa adostu eta harremanetarako esparru berri bat ezarrita. Europako nekazariak eta EBko dozena erdi bat estatu akordioaren kontra daudenez, ituna berresteko prozesua gogorra izango da, aurreikuspenen arabera.
Europar Batasunak eta Mercosur osatzen duten herrialdeek merkataritza libreko akordioa sinatu dute larunbat arratsaldean. Bi eskualdeek ia 26 urteko negoziazio aldia amaitu dute, akordioa adostu eta harremanetarako esparru berri bat ezarrita. Europako nekazariak eta EBko dozena erdi bat estatu akordioaren kontra daudenez, ituna berresteko prozesua gogorra izango da, aurreikuspenen arabera.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea Maros Sefcovic Merkataritza komisarioarekin batera izan dira Europar Batasunaren ordezkariak Asuncionen, Paraguaiko hiriburuan, egin den sinadura ekitaldian.
Ekitaldia 16:30ean hasi da Paraguaiko Banku Zentraleko Jose Asuncion Flores Antzoki Handian, eta bertan izan dira , besteak beste, Paraguaiko presidente Santiago Peña, Uruguaiko presidente Yamandu Orsi eta Argentinako presidente Javier Milei. Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea ez da bertan izan, agenda arrazoiengatik; izan ere, presidenteak barik Kanpo Gaietarako ministroak joan behar zirela esan zuten hasiera batean.
Mercosur
EB-Mercosur akordioa, indarrean: Zer da eta zergatik ekarri du polemika hainbat sektoretan?
EB-Mercosur akordioaren parte komertziala indarrean sartu da, behin-behinean, maiatzaren 1ean, 25 urteko negoziazioen ostean.
Von der Leyen: Muga-zergei mezu irmoa bidaltzen die itunak
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek esan duenez, gaur hitzartutako itunak mezu irmo bat bidaltzen dio munduari, "muga-zergen eta isolamenduaren aurretik, merkataritza librearen aldeko hautua eginda".
"Argi dago zeren alde egin dugun: merkataritza librea nahi dugu, ez dugu muga-zergarik nahi. Benetako etekinak eskaini nahi dizkiegu gure enpresa eta erakundeei", adierazi du arratsaldeko ekitaldian.
Peñaren hitzetan, garbi geratu da elkarrizketa dela "bide bakarra"
Paraguaiko presidente Santiago Peñaren hitzetan, akordioa izenpetzeak argi erakusten du elkarrizketa, senidetasuna eta gizarteratzea direla bidea, eta gaurko akordioa unilateralismoa atzean uzten duen urrats bat dela.
Gainera, Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silvak prozesu honetan egindako lana goratu du.
Mileik azpimarratu du Mercosurren garaipenik handiena dela gaurkoa
Argentinako presidente Javier Mileik ere hartu du hitza ekitaldian, eta gaur hitzartutako akordioa Mercosurren lorpenik handiena dela esan du.
Merkataritza "arma geopolitiko gisa" ez erabiltzeko bidea da ituna, Costaren ustez
Europako Kontseiluko presidente Antonio Costak nabarmendu du merkataritza "arma geopolitiko gisa" ez erabiltzeko bidea dela gaur sinatutako akordioa.
26 urtez negoziatzen
2000. urtean hasi zituzten formalki negoziazioak. 2019an, akordio politiko orokor bat erdietsi zuten, baina 2024ko abenduaren 6ra arte ez zuten testua itxi.
Orain, europar laborariak protestak ari direnean sinatu dute akordioa. Protesta ugari egiten ari dira nekazariak akordioaren kontra, lehia desleiala sustatzen duela iritzita.
Akordioa sinatu duten arren, esan bezala, ituna ez da automatikoki indarrean sartuko, Atlantikoaren alde bietan tramiteak gainditu behar baititu oraindik. Den den, zenbait herrialdek, Brasilek kasu, aurreikusi dute urteko bigarren seihilekorako izango dutela indarrean.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela