Larri zauritu da txirrindulari bat Oñatin, autobus batek harrapatuta
35 urteko txirrindulari bat larri zauritu da astearte arratsaldean Oñatin (Gipuzkoa), autobus batek harrapatua, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iturri horren arabera, ezbeharra 17:00ak aldera jazo da, GI-2630 errepidean, San Prudentzioko biribilgunean; bertan, autobus batek zikloturista bat harrapatu du, eta ibilgailuaren azpian geratu da berori.
Anbulantzia bat bertaratu da, eta zauritua artatu dute, oraindik autobusaren azpian zegoela; izan ere, askatzeko lanak zailak izan dira.
Azkenean, suhiltzaileek lortu dute biktima ateratzea eta ez dute erabili behar izan askatzeko material berezirik. Gerora, zauritua larri eraman dute Gasteizko Santiago ospitalera.
Beste istripu bat, Zornotzan
Bestalde, arratsaldeko bostetan ere, beste istripu bat jazo da N-634 errepidean, Zornotzan. Renault Kangoo batek eta Toyota Auris batek elkarren aurka egin dute talka, zuzen-zuzenean; ikertzen ari dira zergatik.
Talkaren ondorioz, bi gidariek, 38 eta 47 urtekoak eurak, zaurituta daude, eta Galdakaoko ospitalera eraman dituzte anbulantziaz.
Biktimak artatzen zituzten bitartean, ibilgailuak errepidetik kentzen ari zirela, Ertzaintzako agente batzuk zirkulazioaz arduratu dira; Donostiarako erreia itxita zegoenez, beste bide batetik joateko esaten zieten gidariei.
Ezbeharrak hainbat auto-ilara eragin ditu, ibilgailuak errepidetik irten eta errepidea garbi egon arte.
Ilarak, Irunen
Gainera, zirkulazio-maila handiak, batez ere kamioienak, ilarak sortu ditu AP-8 autobidean, Irunen, Biriatoun, Ipar Euskal Herrirako noranzkoan. Bost kilometroko ilarak ere izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyonnais partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak