Bonbardaketaren 80. urtemuga gogoratuko du Gernikak
Gernika, 1937ko apirilaren 26a, 15:30. Alemaniako eta Italiako hegazkinek Bizkaiko udalerriaren kontrako lehen bonbardaketari ekiten diote. Eraso faxista horren biktimak gogoan hartzeko eta jazoera lazgarri horiek berriro gertatu ezin direla aldarrikatzeko eguna da gaurkoa, 80. urtemugaren bezpera.
Urtemugaren harira antolatutako ekitaldi sorta apirilaren 8an abiatu bazen ere, jardueren kopurua handituz joan da data seinalatua hurbiltzen joan den heinean. Hala, makina bat ekitaldi izango dira astearte eta asteazken honetan.
'Bonbardaketak Euskadin (1936-1937)' izenburupean, mintegia dago atzotik gaur eguerdira Elai Alai aretoan. Nazioarteko aditu ezagunak bertaratu dira Gernikara, besteak beste, Xabier Irujo, Angel Viñas ekonomialari eta historialaria, eta Paul Preston historialari ingeles ospetsua.
Arratsaldean, 17:00etan, Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen alde 2017ko saria jasoko du alkatearen eskutik. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagia eta Gervasio Sanchez fotokazetaria dira aurtengo saridunak. Lehenengoaren izenean jasoko du Jaramillok saria.
Kolonbiako bake prozesuaren bultzatzaile garrantzitsuenetako bat da Jaramillo. Habanako elkarrizketen abiapuntu izan ziren negoziazioetan egon zen, eta FARC gerrillarekin negoziatzen jardun zuen lau urtez.

Jaramillo, Ivan Márquezekin batera, FARCeko gerrillariak agurtzen. Artxiboko argazkia: EFE
18:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gernikako Udalak antolatuta. Pasealekuan paratu duten Memoriaren Plazan izango da ekitaldia, eta, besteak beste, hauek bertaratuko dira: Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. HIKA taldeak ekitaldirako prestatutako antzezlana izango da ikusgai.
Gaurko ekitaldi sorta hitzaldi batekin amaituko da, 20:00etan. Camilo Gonzalez Posso Kolonbiako Osasun ministro ohi eta Bakerako eta Garapenerako Ikerketa Institutuko presidenteak 'Bakearen erronkak Kolonbian' izeneko hitzaldia emango du.
Kondor Legioaren ondorengoak, Gernikan
Kolonbiako gonbidatuak ez ezik, Alemaniatik etorritakoak ere izango dira egunotan Bizkaiko udalerrian. Gernika Gogoratuz elkarteak gonbidatuta, Kondor Legioaren kide eta buruzagi batzuen ondorengoek bisitatuko dute herria.
Dieprand von Richthofen eta Karl-Benedikt von Moreau (Von Richthofen Kondor Legioaren Estatu Goreneko buruzagiaren eta Von Moureau pilotuaren iloba, hurrenez hurren) Gernikan izango dira asteartean eta asteazkenean. Apirilaren 26an, eraso faxistaren biktimei elkartasuna adierazteko eta iraganaren irakurketa kritikoa egiteko adierazpena irakurriko dute biak ala biek.
Aurretik ere, 2012an eta 2007an, egonak dira Gernikan, baina lehen aldiz egingo dute sarraskiaren biktimen aldeko adierazpen publikoa.
Ekitaldiak Erandion eta Eibarren
Gernikaz gain, EAEko hainbat herri bonbardatu zituzten hegazkin faxistek: Otxandio, Markina, Legutio, Bilbo, Durango, Lekeitio, Zalla, Eibar eta Erandio, tartean. Gertatutakoa ahaztu ez dadin, ekitaldiak antolatu dituzte azken bi herri horietan. Erandion eguerdian egin dute biktimak oroitzeko ekitaldia.
Eibarko Udalak ere ekitaldi andana antolatu du Gogora Institutuarekin batera, gaur hasi eta apirilaren 30era arte.
Zure interesekoa izan daiteke
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.
Arrazakeriaren aurkako 29. martxak etorkinen erroldatzeko eskubidearen alde egin du
500 bat lagunek hartu dute parte gaur Pasaia eta Donostia arteko manifestazioan. SOS Arrazakeriak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka antolatutako XXIX. Martxan, etorkinek erroldatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
El Bocal kostaldeko pasabidean hildakoak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute Santanderren
El Bocaleko pasabidean izandako ezbeharrean hildako sei gazteak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute ehunka pertsonak eta kolektibok Santanderren. "Egiaren eta biktimen duintasunaren alde" lelopean, hirigunea zeharkatu dute udaletxeraino, eta bertan manifestu bat irakurri dute haien omenez.
Gizon bat atxilotu dute Bilboko Zorrotza auzoan, bi edukiontzi erretzea egotzita, eta beste zortzi erre ote dituen ikertzen ari dira
Atxilotuak bi edukiontzi erre dituela aitortu du. Sua bizkortzeko asmoz manipulatutako metxero bat zeraman aldean atxilotu dutenean.
Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da
Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.
Ehun bat polizia atxilotu edo ikertu dituzte Espainian azken bost urteetan, narkotrafikoarekin lotura izateagatik
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du 106 agente atxilotu edo ikertu dituztela 2021eaz geroztik, baina ez du zehaztu zein polizia zerbitzutakoa den ikertutako edo atxilotutako pertsona bakoitza.