Nola bizi dute loteria-saltzaileek Gabonetako Loteria? Horien istorio bitxienak
Gabonetako zozketaren aurreko egunetan, ilara luzeak aurki daitezke loteria-administrazioetako sarreretan. Loteria-saltzaile bakoitzak bere modura pasatzen ditu salmenta ugariko egun horiek, baina bizipen batzuk ohikoak dira.
Carlos Resa Laudioko 2. loteria-administrazioaren kudeatzailearentzat, Gabonetako egunak neketsuak dira. Resa Etxean, uztailean hasten dira lanean, Eguberrietako loteria heltzen denean, eta abenduaren 22ra arte ez dute bukatzen. “Loteriaren bizitzako urte erdi ematen dugu Gabonetako zozketara begira”, azpimarratu du loteria-saltzaileak.
Azaroko azken egunetan, Gabonetako loteria eskatu duten pertsonen erregistro luzea izaten dute, Internet bidez saldu dituzten zenbakien egiaztagiriak sorta lodi batean izateaz gainera. “Azken egunak ikaragarriak dira; jende ugari etortzen da Aiarako eskualdetik, eta Bilbon ere bezero asko ditut”, esan du Resak.
Ormaechea Bilboko saltokiko salmenta gehienak ere egun horietan izaten dira. Bilboko 1. loteria-administrazioaren jabea den Sergio Echevarriaren arabera, fakturazioaren % 60 Gabonetan egiten dute. Hori dela eta, Indautxuko administrazio horrek erlazio estua du Gabonekin.
Loteriaren zozketa “Gabonetako txupinazoa” izateaz gain, data hori egutegian nabarmenduta du bilbotarrak, urtean zehar jokatzen ez duen jendeak Eguberrietako loteria erosten duelako eta, gainera, parte-hartze hori kolektiboa delako: “Tokatzen denean, sektore bereko jende askori tokatzen zaio. Erraz ikus daiteke loteria non tokatu den”.
Echevarriaren esanetan, Gabonetako zozketan batez ere, administrazioek nolabaiteko lotura dute loteria erosi duten elkarte, taberna eta enpresekin; bestalde, senideekin batera jokatzen dutenak anonimoagoak dira. Resaren arabera, sariak “kopuru arruntak direnean”, errazagoa da irabazleak anonimatua aldera batera utzi eta sariaren berri ematea.
Sineskeriak
Zenbakiak aukeratzeko orduan, kontsumitzaileak erosten dutenari zentzu bat bilatzen saiatzen direla nabarmendu du Echevarriak.
13 zenbakia zorte txarrarekin lotuta omen dago; Ormaechea saltokian, aldiz, azkar amaitzen da zenbaki hori. Bezero batek astearte batean, hilaren 13an, 13:13an sartu nahi izan zuen Indautxuko administrazioan, loteria egun, ordu eta minutu horretan erosteko, horren esanetan.
Irekitzeko eta ixteko orduan, gauza bera gertatzen da. Echevarriaren arabera, kontsumitzaile batzuek gustuko dute loteria erosten duten azkenak izatea, eta pertsianaren azpitik sartzeko ahaleginak egiten dituzte ia-ia; beste batzuek, berriz, nahiago dute lehenak izan. Goizeko bederatzietan hasten den Gabonetako zozketaren egunean, azken dezimoa nola edo hala erosi nahi duten bezeroak ere izaten dira.
Aurten, aldiz, denetarik saltzen ari direla adierazi du Carlos Resak. Laudioko administrazioaren buruaren arabera, oso urte arraroa da. Hala ere, zenbaki bat eskatzeko orduan, jendea apetatsua dela aitortu du. Horren esanetan, ohikoa da senide baten jaiotegunarekin bat egiten duten zenbakiak erostea.
Behin Resa Etxean ez zuten zenbaki bat zozketaren eguna heldu baino bi egun lehenago eskatu zion gizon batek. Epe labur horretan, ezin izan zuen zenbaki hori eskuratu. Harrigarria bada ere, gizon hark eskatu zion zenbakiak Gabonetako zozketaren bigarren saria jaso zuen. Bizitzako ustekabeak dira, Resaren hitzetan.
Sari nagusiak
Laudioko Andaluziako Etxean, data jakin bati aipamena egiten dion zenbaki bat loteriaren lehenengo saria izan zen 2016an, 600.000 eurokoa. Andaluziar zentroak 15784 zenbakiarekin jokatzen zuen loterian, zentro hori 1984ko uztailaren 15an sortu zutelako.
Haurraren loteriako bigarren saria Laudion egokitu zen eguna (2009ko abenduaren 7) ere gogoan du Carlos Resak: “Izugarria da herritarren artean 60 miloi euro banatzea”. Dena den, aste arrunt bateko sari potoloa banatzeak ilusio bera ematen diola adierazi du laudioarrak.
Sergio Echevarriak, bere aldetik, 1986ko Gabonetako zozketaren sari potoloa aipatu du. Bilboko loteria-saltzailearen esanetan, “oso hunkigarria” izan zen zenbaki sariduna hainbat modutan saldu zelako, ez bakarrik leihatilan.
Indautxuko Partikular kaleko ile-apaindegi batek saritutako zenbakia erosi zuen Ormaechean; sari nagusia, beraz, ile-apaintzaile guztiei eta hainbat bezerori egokitu zitzaien. Egun horretan lan egiten ari ziren ile-apaintzaileak xanpain botilarekin ateratzen ikustea benetan hunkigarria izan zen Echevarriarentzat.
Zori onak San Mames zaharra ere ukitu zuen, loteria kalean saltzen zuen Alejandro izeneko gizon bati esker; Bartzelonaren kontrako partida batean saldu zuen saritutako zenbakia, eta Bilboko zenbait tabernatan ere saldu zuten.
Bilbon gero eta loteria-saltzaile gutxiago daude kalean, eta desagertzear omen daude. Hiruzpalau loteria-saltzaile ibiltari egongo dira Bilbon, Echevarriaren ustez. Bestetik, Carlos Resaren gurasoek 1982an Laudioko Areta auzoan administrazioa ireki zutenean, Laudioko erdigunean loteria saltzen zuen pertsona bat zuten. Gaur egun, baina, zaila da loteria-saltzaile ibiltari bat aurkitzea. Resaren iritzian, “asko ibiltzeko gogoa duen adineko erretirodun bat izan behar da”.
Loteriaren pribatizazioa
2011n loteria pribatizatzeko prozesuari ekin zion Espainiako Gobernuak, baina gelditu egin zuen gero. Loteria Estatuaren jabetza izatetik negozio pribatua izatera pasatzeko hipotesiaren aurrean, honakoa uste du Resak: “Ezin daiteke jakin pribatizazioa hobea edo txarragoa izango litzatekeen”.
Sergio Ormaechea loteria pribatizatzearen alde dago, produktua ezagutzen ez duen zuzendari nagusirik berriro ez izateko. “Kasu honetan ere, profesionaltasuna funtsezkoa iruditzen zait; elektrizitate-enpresa baten buruan inork ez luke jarriko sektore horri buruz ezer ez dakien inor, ezta?”, azaldu du.
Gainera, lehiakortasunak bezeroarekiko arreta hobetzea eragingo lukeela uste du, eta ez du etorkizunean pribatizatzeko aukera baztertzen.
Telebistako iragarkia
Eguberrietako loteriaren iragarkiak jaiegunak gertu direla adierazten du; baina, Carlos Resaren ustez, salmentek ez dute zerikusirik urtero botatzen duten iragarkiarekin. Laudioarraren arabera, bezero gehienek iragarkia kaleratu baino lehen erosten dute loteria, iraila eta urria bitartean. Hala ere, erosleen % 20-25ek Gabon aurretik erosten dutela esan du.
Publizitatea positiboa dela uste du Resak, eta, hori dela eta, iragarki propioak egiten ditu. “Polita da besteengandik bereizteko iragarki propioak egitea”, horren aburuz.
Echevarriaren esanetan, aldiz, “Gabonetako kanpaina on batek iragarki txar batek baino gehiago saltzea eragiten du”. Gainera, sare sozialek oinarrizko zeregin bat betetzen dutela adierazi du, sare sozialetan telebistako iragarkiari buruz hitz egingo dutelako, iragarkia gustuko izan ez arren.
Bilboko loteria-saltzailearentzat, gizarteari komunikatzeko mezua zaila da, errealitatea azaldu behar baitu: “Loteria egokitu ahal zaizu edo ez”.
Zure interesekoa izan daiteke
Adimen artifizialak hurrengo hamarkadan hilko gaitu?
Anthropiceko ikertzaile batek dimisioa eman du eta adimen artifizialak gizadia akabatu dezakeela ohartarazi du; enpresako beste arduradun batek, berriz, % 10 baino gehiagoan kokatu du hori gertatzeko probabilitatea.
Hainbat kilometroko auto-ilarak AP-8an Irunera bidean, Malmasingo tunela baino lehen izandako istripu baten ondorioz
Bi ibilgailuren arteko istripu bat izan da Malmasingo tunelaren aurretik, AP-8ko 114. kilometroan, Irungo noranzkoan, eta hainbat kilometroko auto-ilarak sortu dira. Erreietako bat itxita izan da.
65 urtetik gorako gizonek dituzte suizidio-ratio altuenak Hego Euskal Herrian
EITB Data azterlanaren datuek urte arteko aldakuntza gutxi dituen fenomeno bat marrazten dute, baina genero- eta adin-patroi argi batekin: suizidioaren ondoriozko heriotzak hirugarren adineko gizonen artean nabarmentzen den bitartean (36 kasu 100.000 biztanleko), pentsamendu suizidak ugariagoak dira emakume gazteenen artean.
Abuztua izan da mundu mailan inoiz erregistratu den hilabeterik beroena
Europa osoan, erregistroak daudenetik hirugarren udarik beroena izan da, 2024 eta 2022koen atzetik. Mendebaldeko Europaren kasuan, historiako beroena izan da, 2003koa gaindituz.
Unai Lekuona arabarrak jantzi du txapela Ordiziako LIII. Idiazabal gazta lehiaketan
Araiako Unai Lekuona artzainak irabazi du Ordiziako Idiazabal Gaztaren LIII. Lehiaketa, eta Donostiako El Vaskito jatetxeak eskuratu du gazta irabazlea, 5.400 euroren truke. Urteroko legez, Beti Alai frontoian ikusmin handia sortu aurkeztu diren 49 gaztetatik irabazlea zein izango zen jakiteko: 49 gaztak hartu dute parte bertan: 20 Gipuzkoakoak, 16 Nafarroakoak, 9 Arabakoak eta 4 Bizkaikoak.
Laudioko loteria-saltzaile batek dezimotan 40.000 euro bota zituen zakarrontzira, nahi gabe
Carlos Resa Laudioko loteria-saltzaileak 40.000 euroan baloratutako 6.000 dezimo bota zituen zakarrontzira, nahi gabe, kartoien artean. Gabonetako Loteriako 500 dezimo zeuden (10.000 euro) eta asteko zozketaren beste 5.000 dezimo (30.000 euro). Suhiltzaileei laguntza eskatu zien, eta hiru orduren ondoren, dezimoak erreskatatzea lortu zuten. Gogoan izan zenbaki hau: 55626. Gabonetako loteriarako zortearen zenbakia izango den ospea irabazi du dagoeneko!
Normaltasuna Bizkaiko errepide-sarean, goizean goiz hainbat istripu izan ostean
Auto-ilarak izan dira Santo Domingoko jaitsieran, Sondikako BI-30 errepidean eta Txorierrin. Bi puntu horietan errei bat itxita egon da eta zirkulazioa motel ibili da.
Albiste izango dira: EITB Data osasun mentalari buruz, lehendakariaren bilera-sorta eta PISA Txostenaren emaitzak
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Psikiatriako kontsultak bikoiztu egin dira bost urtean
Euskadik 58.100 paziente zituen psikiatria kontsultetan 2019an. 2024an zenbakia ia bikoitza zen: 109.400. Aldi berean, osasun mentalarekin lotutako laneko bajak ere etengabe hazten ari dira, eta 16-25 urteko gazteen artean, esate baterako, sei aldiz handitu dira 2016tik.
75 urtetik gorakoen 10etik ia hiruk antsietatea edo estresa du, baina hazkunde handiena gazteengan eman da
Ondoez psikologikoa ez da berdin azaltzen gizarteko sektore guztietan. Emakumeei gehiago eragiteaz gain, adina ere faktore garrantzitsua da: 75 urtetik gorako herritarren % 28,5ek pairatzen ditu sintomak, baina gazteenak dira (15-24 urte) pandemiaren ondoren osasun mentalaren narriadura gehien nozitu dutenak.