Gora egin dute sexu-delituek eta delinkuentziak Hego Euskal Herrian
Espainiako Barne Ministerioak argitara eman berri du 2018ko kriminalitatearen balantzea, eta, horren arabera, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan areagotu dira lege-hausteak.
Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, Ertzaintzak eta Foruzaingoak Estatuko Kriminalitate Sistema Estatistikoari emandako datuen arabera, Araban iaz 12.772 delitu izan ziren, aurreko urtean baino % 5,2 gehiago; Bizkaian, 53.631 delitu, % 8,9 gehiago; Gipuzkoan 23.811 delitu, %6,9 gehiago, eta Nafarroan 27.287 delitu, aurreko urtean baino % 9,9 gehiago.
Indarkeria erabiliz egiten diren lapurretak izan ziren gehien errepikatu ziren delituak, baina igoera handienak beste mota batzuetako delituetan izan ziren.
Araban gehien hazi diren delituak sarketa bidezko sexu erasoa (% 120ko igoera, 2017ko 5 kasuetatik 11ra igota), hilketak (% 100ko igoera, kasu batetik bira igarota), eta droga-trafikoa (% 52,2k igoera, 47 kasutik 72ra) izan ziren.
Gasteizen 3.781 delitu izan ziren, aurreko urtean baino % 3,7 gehiago. Lurralde osoan bezala, lapurretak izan ziren gehienak, baina igoera nagusia sexu-delituek izan zuten. Hemen taula zehatza (edukia gaztelaniaz):

Bizkaiari dagokionez, hilketek % 33ko igoera izan zuten, hilketa saiakerek % 40koa, indarkeria erabilitako lapurretek % 23,5 eta sexu delituek % 15 ingurukoa.
Bilbon 21.664 delitu izan ziren, aurreko urtean baino % 10,4 gehiago. Delinkuentziak % 3,8 egin zuen gora Leioan eta % 2,4 Santurtzin.
Aitzitik, % 3,8 egin zuen behera Barakaldon, % 8,4 Basaurin, % 3 Getxon eta % 3,9 Portugaleten.
Taula honetan Bilboko datu zehatzak ageri dira (edukia gaztelaniaz):

Gipuzkoari dagokionez, hauek dira gehien igo ziren delituak: sarketa bidezko sexu erasoa (% 68 gehiago), askatasun sexualaren kontrako delituak (% 58,5 gehiago) eta sexuarekin zerikusia duten beste delituak (% 56,4 gehiago)
Donostian 5.971 delitu izan ziren 2018an, 2017an baino % 12,2 gehiago. Errenterian % 4,25 gehiago eta Irunen % 1,4 jaitsi zen delitu kopurua, nahiz eta sexu delituak % 200 eta % 500 artean igo.
Hemen, Donostiako delituen taula zehatza (edukia gaztelaniaz):

Nafarroan bahiketak dira gehien igo diren delituak: % 200, hain zuzen ere (2017an 1 izan zen eta 2018an 3), hilketak % 57,1 (7 kasutik 11ra) eta sarketa bidezko sexu erasoak % 24,1 (29 kasutik 36ra). Indarkeria erabiliz egindako lapurretek, aldiz, % 41 egin zuten behera.
Iruñean 12.188 delitu egin ziren iaz, eta kriminalitateak % 8,7 egin zuen gora. Tuteran, berriz, % 11,5. Iruñean, hilketak izan ziren iaz gehien igo ziren delituak eta Erriberan, droga-trafiko kasuak.

Datu guztiak hemen.