490.000 joan-etorri izango dira EAEn Aste Santuan
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 490.000 joan-etorri aurreikusi ditu Aste Santurako, 2018an baino % 6,9 gehiago, betiere klimatologiaren arabera.
Apirilaren 17tik 22ra bitartean izango diren joan-etorriek trafikoan izan dezaketen eragina minimizatzeko neurriak aurkeztu ditu ostiral honetan Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak.
"Meteorologia lagun, Aste Santu honetan % 6,9 gehituko da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetako irteerako eta itzulerako joan-etorrien kopurua, betiere, 2018an aldi horretan izan zen trafikoarekin alderatuta, joan den urtean eguraldi txarrak baldintzatu baitzuen kopuru hori", adierazi du Diaz de Corcuerak. Horrez gain, 200 ertzainek zaindu eta kontrolatuko dute trafikoa, ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin.
Arrisku-faktoreei buruzko kontzientziazioan oinarritzen da aurten Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak apirilaren 17an, Aste Santuko jaiegunen hasieran, abian jarriko duen 'Gidatu, besterik ez' kanpaina. Arrisku faktoreen artean nabarmentzen ditu, batetik, deskuiduak, alkoholaren edo drogen kontsumoa, abiadura desegokia edo gehiegizko abiadura eta nekea, eta, bestetik, motozaleen babesa.
Apirilaren 17tik maiatzaren 5era bitartean, telebistaz, irratiz eta sare sozialen bidez hedatuko den kanpainaren helburua da istripu-tasa murriztea. Aurreko urteetan Aste Santuko istripu-tasa horrek behera egin du, eta 2012. urtetik, Aste Santuko egun horietan, ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan izandako trafiko-istripuetan (2012an bi hildako izan ziren Araban).
Istripuen kopuruari dagokionez, Aste Santu hauetan beherako joerari eutsi zaio; 123 istripu izan ziren 2012an, 107 izan ziren 2013an, 100 izan ziren 2014an, 99 izan ziren 2015ean, 73 izan ziren 2016an, 88 izan ziren 2017an (igoera txiki bat izan zen) eta 78 izan ziren 2018an.
Zirkulazio-fluxu handienak izango dituzten errepideak
Trafikoko zuzendariak aditzera eman duenez, errepide-sareko puntu hauetan izango dira, segur aski, zirkulazio-fluxurik handienak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen. Azken puntu horretan, ikusiko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren.
Irteera operazioan, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handiak izan ohi dira asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 09:00etatik 15:00etara. Itzuleran, Bilborako bidean, ibilgailuen kontzentraziorik handiena izaten da Pazko Astelehenean, 13:00etatik 21:00etara. Dena dela, azken urte hauetan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaian; bai, ordea, Kantabrian.
AP-8 autobidean, auto-ilararik handienak Biriatuko ordainsarian (Frantziako noranzkoan) asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santu goizean, 08:30etik 16:00etara, izaten dira. Era berean, Pazko Astelehena Frantzian jaieguna denez, ostiralean zein larunbatean ere trafiko handia izaten da Donostiarantz.
Euskal errepide-sarearen hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 errepideen elkargunea da, Armiñonen. AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñon arteko tartea liberatu denez, aurreikuspenen arabera, gora egingo du AP-1etik ibiliko diren ibilgailuen kopuruak. Hartara, Trafiko Zuzendaritzak —Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoiekin lankidetzan— eutsi egingo die azken urte hauetan Armiñongo elkargunean zirkulazioa arintzeko hartu dituen neurriei. Batetik, irteeran (hau da, asteazkenean, apirilaren 17an, arratsaldean, eta Ostegun Santuan, apirilaren 18an, goizean), A-1 errepidean auto-ilarak sor daitezkeela aurreikusita, behin-behineko trafiko-seinaleak jarriko dituzte N-1 errepidea ordezko bide gisa gomendatzeko Argantzon (A-1, 334 km) eta Armiñongo A-1/AP-1 errepideen arteko elkargunearen artean (A-1, 328 km). Bestalde, itzuleran (Pazko Astelehenean, apirilaren 22an), seinale eta kono bidezko operatiboa jarriko dute AP-1 errepidetik A-1 errepidera, Gasteizko noranzkoan, etenik gabe eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzeko, bidea emateko geldialdirik egin behar izan gabe.
Hegaldiak Loiun, Aste Santuan
Bestalde, Bilboko Aireportuak charter hegaldiak prestatu ditu Ostegun Santutik Pazko Astelehenera helmuga hauetara jotzeko: Praga, Berlin, Erroma, Pisa, Edinburgo, Tenerife, Lanzarote, Tunis eta Islandia.
Guztira 1.548 hegaldi izango dira gaur hasi eta Pazko Astelehenera arte. Egunez egun, hauek izango dira hegaldien kopurua: apirilaren 12an, 157 hegaldi izango dira; 13an (larunbata), 122; 14an (igandea), 143; 15ean (astelehena), 132; 16an (asteartea), 125; 17an (asteazkena), 152; 18an (osteguna), 148; 19an (ostirala), 140; 20an (larunbata), 120; 21ean (igandea), 141; eta 22an (astelehena), 168.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, Poliziarengandik ihesi zihoala bost ibilgailurekin talka egin eta zortzi pertsona zauritu ostean
Polizia iturrien arabera, agenteak berarengana hurbildu ziren, ustez estupefazienteak kontsumitu ostean kotxea gidatzera zihoalako.
Epaileak aske utzi ditu Hezbolarekin zerikusia dutelakoan Bizkaian atxilotutako bi lagunak
Pasaporteak kendu dizkiete eta hamabost egunean behin epaitegian agertu beharko dute. Bi gazteak Iranekin bat plataformako kideak dira; talde horrek "inperialismo genozida salatzearen" aurkako kanpaina bat salatu du.
Emakume bat hil da Tuteran, auto istripu batean
Ezbeharra NA-134 errepidean gertatu da, gaur arratsaldean. Hildako emakumeak gidatzen zuen autoak kamioi bat jo du aurrez aurre.
Osakidetzak gezurtatu egin du igandeko erizaintzako proba beroagatik bertan behera geratu dela
Osasun Sailak zehaztu du proba aurreikusita zegoen bezala egingo dutela, eta gogorarazi du Osakidetzak bere kanal ofizialen bidez ematen duela balizko aldaketen berri.
Iganderako aurreikusitako hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte, bero handia dela eta
Bilbon, hiribilduaren sorreraren 726. urteurrenaren desfile ofiziala ez dute egingo. Bestalde, Gogorak bertan behera utzi du Artxandan egin behar zuen gudari eta milizianoen omenaldia. Sopelan, Kosta Trail mendi lasterketa bertan behera geratu da, eta Barakaldon hainbat ekitaldi moldatu dituzte.
Osakidetza kontaktuak bilatzen ari da Trapagarango klub batean tuberkulosi kasu bat antzeman ondoren
Euskal Osasun Zerbitzua proba diagnostikoak zabaltzea eta establezimenduko langileak banan-banan deitzea aztertzen ari da, miaketa osatzeko eta kutsatze berriak baztertzeko.
Basauriko banketxe batean lapurreta egin zuen gizonaren bila ari da Ertzaintza
Lapurreta ostegunean gertatu zen, 14:45 aldera, eta gizonak dirua hartu eta ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta oraingoz ez du lapurretaren inguruko datu gehiagorik zabaldu.
Landa eremuetako mugikortasuna aztertuta, EAEko herriguneetako 3 kotxeko 2 daude hiriguneetan
Saretzen txostenean aztertu dituzten Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren azken erregistro ofizialen arabera, Hego Euskal Herriko landa eremuetan metropolietan baino % 55 auto gehiago daude biztanleko, eta toki batzuetan bizilagunak baino gehiago dira kotxeak.
Gero eta emakume gidari gehiago dago Hego Euskal Herrian: gizonena halako bi baino gehiago hazi da kopurua azken hamarkadan
2014tik 2024ra, gidabaimena duten emakumeen kopurua % 14raino igo da Nafarroan, gizonen % 6,6ren aurretik; EAEn, aldea hirukoiztu ere egin da ia. Genero-arrakala estutzen ari da horretan, nahiz eta oraindik gizonak gehiago diren errepideetan.
Saretzen txostenaren bitxikeriak: bizilagun baino auto gehiago dituzten herriak eta emakumezko gidaririk gabeko udalerriak
Hegoaldeko mugikortasunaren berezitasunak azaleratu ditu Saretzen txostenak, besteak beste, Bizkaia motorren kopuruaren hazkundean nagusi dela, eta Nafarroak Hegoaldeko autorik zaharrenak dituela.