2.000 lagun bildu dira Santurtzin bi etxebizitzaren okupazioa salatzeko
2.000 pertsona inguru bildu dira arratsalde honetan Santurtzin, bi etxebizitzan legez kanpo bizi diren okupak aterarazteko asmoz. Ertzaintzak kalea itxi du eta manifestariei eraikinera hurbiltzea galarazi die.
Okupatutako etxeak Jose Miguel de Barandiaran kaleko 24 eta 25 zenbakietan daude. Okupak leihora atera dira eta izara bana eskegi dituzte, ondoko leloekin: "Kontratuak ditugu. Ez gara okupak" eta "Legea epaileak ezartzen du, eta ez zuek".
Bizilagunek deitutako elkarretaratzea 19:00etan hasi da. Deialdia sare sozialen bidez egin dute. Portugaleten lortu zutena errepikatu nahi zuten, hau da, mobilizazio jendetsua egin eta okupak etxetik ateratzera behartzea.
Bilkura handia izan da, baina ordurako Ertzaintzak dozena bat furgoneta bertaratua zituen eta manifestariei eraikineko atarira hurbiltzea galarazi die. Manifestariak segurtasun hesia gainditzen saiatu dira eta tentsio uneak izan dira.
Protesta hiru orduz luzatu da eta elkarretaratzea 22:00ak aldera amaitu da.
"Legeak ez gaitu babesten. Legea injustua da. Zergatik sartu daitezke haiek nire etxean eta ni ezin naiz nire etxera bueltatu? Hori ez da logikoa. Honi konponbidea eman behar zaio eta gobernuek, erakundeek eta agintariek ez badute egiten, herriak egingo du", azpimarratu du etxea galdu duen bizilagun batek.
Bestalde, Santurtziko Udal Gobernuak protesta baketsua eta eredugarria izan dela nabarmendu du ohar batean.
Halaber, legedia aldatzea babestu du, "horrelako egoeren aurrean berehalako erantzuna eman ahal izateko". "Ezin dugu horrelako egoera bidegaberik onartu eta horregatik jabetza pribatu baten usurpatzailea babesten duen araudia aldatzea eskatzen dugu", adierazi du Udal Gobernuak.
Maria Isabel kaltetutako bizilagunetako bat da. ETB2ko Que Me Estás Contando saioan azaldu zuenez, okupak irailaren 2an sartu ziren bere gurasoen etxean, eta, ordutik, legez kanpo bizi dira hor.
Gauean, aldameneko eraikinean bizi den senide batek bere etxebizitza okupatu zutela ohartarazi zion. Orduan, "zerbait egiteko asmoz" bertaratu zen, baina okupak barruan topatu zituen: "Lasai zeuden, euren etxean baleude bezala".
Hala, azalpen bat eskatu zienean, bera bi etxebizitzen jabea dela eta eurek bat ere ez dutela aurpegiratu zioten. Horrela, alokairu-kontratu bat egitea proposatu zioten jabeari, baina berak uko egin zion akordio horri, etxebizitza behar duelako.
Maria Isabelek azpimarratu duenez, etxea ez da inoiz hutsik egon, eta, okupak sartu ziren egunean bertan, etxea garbitzen izan zen. Hala, okupek bere etxea "oso kontrolatuta" zutela uste du. Gurasoak hil zirenean, etxebizitza oinordetzan jaso zuen, baina duela gutxi eraberritu zuten, senide batek bertara joateko asmoa baitzuen.
Aurretik, eraikin horretako beste etxe batzuk okupatzen saiatu direnez, Maria Isabel kezkatuta zegoen, baina bera kaltetuetako bat izango zela pentsatu gabe. Egoera horren aurrean, salaketa bat aurkeztu zuen, baina oraindik ez dago okupak ateratzeko data finkatuta; hortaz, "ezin da ezer egin".
Gainera, bere etxean legez kanpo bizi diren pertsonak kaudimengabetzat jo litezke, eta horrek are gehiago luzatuko luke abiatutako bide judiziala.
"Argia mozten saiatu naiz, baina ezin dut, hertsapena leporatuta salatu nazaketelako. Oso tristea da nik haientzat lan egin behar izatea", salatu du jabeak.
Bestalde, okupen arabera, etxeak 3-4 urte daramatza hutsik, eta, nora joan ez dutenez, etxe hori legez kanpo okupatzea erabaki zuten. Hala ere, jabeari alokairuko kontratu bat egitea eskatu diote.
BIDEOA | Santurtziko okupak: "Maria Isabelen etxea okupatu genuen nire aita gaixorik dagoelako"
Zure interesekoa izan daiteke
Sokamuturra berriro egiteak zatiketa eragin du Eibarren
Eibarren, bigantxak kalera aterako dituzte datorren astean, azken urteetan desagertua zen sokamuturrari berriro helduz. Udalerrian eztabaida erabatekoa da, aldekoen eta kontrakoen artean, eta zatiketa eragin du. Zatiketa horren erantzule egiten dute oposizioko alderdiek alkatea bera.
Sei adingabe artatu dituzte bero-kolpeen ondorioz, AP-68an, Kuartango parean, autobusak matxura izan ondoren
Arazo mekanikoa 13:10 aldera jazo da, ibilgailua Zaragozarantz zihoala, trenbidearen bazterbidean geldirik geratu denean matxura baten ondorioz. Autobusean 60 pertsona inguru zihoazen, gehienak 15 urte inguruko nerabeak.
GIB diagnostiko berantiarren kopurua % 60ra igo da Euskadin
Osasun Sailak uste du HIESaren eta STIen inguruko estigmak diagnostikoa atzeratzen duela eta kutsatzeko arriskua handitzen duela. Osakidetzarekin batera, "Parktikatu sex-carea" kanpaina abiarazi du.
1.778 ikaslek eskatu dute USaPeko euskara azterketa berrikustea
Behin betiko emaitzak datorren astelehenean argitaratuko dira. EHUko errektoreak zehaztu duenez, "ez dute baloraziorik egingo probaren emaitzari buruz"; izan ere, kalifikazioak, une honetan, "behin-behinekoak dira eta berrikuspen prozesuan daude".
Noiz jakingo ditugu USaPeko notak?
Datorren astelehenean, ekainaren 22an, unibertsitatera sartzeko probetako behin betiko notak argitaratuko dira, baina ikasleek azken aukera bat izango dute: azterketak ikustea.
500 babesgune klimatiko daude Euskadin, beroaldiei aurre egiteko
Ihobe sozietate publikoak bultzatutako ekimenari esker, 11 udalerritako eremu publikoak egokitzen dira —hala nola liburutegiak eta parkeak— itzalguneak eta gune freskoak eskaintzeko. Milioi bat pertsonari baino gehiagori egiten die mesede, eta asmoa pertsona zaurgarrienak babestea da.
San Mamesen eta garraio publikoan aldaketak egiteko eskatu zion FIFAk Bilbori
Udalak berretsi egin du 2030ean jokatzekoa den Munduko Txapelketako egoitza izan nahi duela, baina "ez edozein preziotan".
Txirrindulari bat hil da Forondan, auto batekin istripua izanda
Ezbeharra 08:50ak jo barik zeudela gertatu da, A-4306 errepideko biribilgune batetik gertu.
Osakidetzak 17 pertsona txertatuko ditu berriro Bilbon eta Lasarten, hotz-katearen akats baten ondorioz
Osasun Sailak onartu egin du EH Bilduk salatutako hotz-katearen akatsa, eta berriro txertatuko ditu kaltetuak: bost Lasarten eta hamabi Arangoitin. Rebeka Uberak gertatutakoa "ulergaitza" dela esan du, eta gogora ekarri du orain gutxi iraungitako txertoekin Osakidetzan izandako polemika.
Eibarko Udalak ezohiko osoko bilkura egingo du arratsaldean sokamuturren etorkizunaz eztabaidatzeko
Bilkura 19:00etan egingo da, eta bozketa ez da loteslea izango. Bien bitartean, ordu erdi lehenago, 18:30ean, elkarretaratzeak egingo dituzte Udaletxe kanpoan sokamuturraren aldekoek eta aurkakoek.