Espainiako Gobernuak alarma osteko osasun neurrien dekretua onartuko du asteartean
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du asteartean lege dekretu bat onartuko duela Ministroen Kontseiluak, eta bertan jasoko dituztela COVID-19ari aurre egiteko osasun neurriak alarma egoera amaitzen denetik aurrera. Beranduenera jota ekainaren 21etik aurrera jarriko dira martxan, baina aurreratuen doazen erkidegoetan lehenago, bertako agintariek hala erabakiz gero.
"Normaltasun berrirako" lege dekretu horretan jasoko dira osasun krisiari aurre egiteko "prebentzio, euste eta koordinazio" neurriak.
Alarma egoeraren azken luzapenarekin (ekainaren 21a arte), Diputatuen Kongresuak gaur onartuko duenarekin, erkidegoak 3 fasean (trantsizio planean aurreikusitako azkena) egongo dira edo sartu ahal izango dira ekainaren 8an, eta ordutik aurrera eurek erabaki ahal izango dute alarma egoeratik ateratzen diren ala ez, osasun egoeraren arabera.
Hori horrela, erkidego batzuek alarma egoera ekainaren 21a baino lehenago amaitzeko aukera izango dute. Horregatik ikusi du Espainiako Gobernuak lege dekretua prestatzeko beharra. Besteak beste, alarma egoeratik kanpo ere maskara erabiltzeko beharra jasoko du dekretuak.
Ciudadanosekin adostutakoa betetzea
Dekretu horrekin Espainiako Gobernuak Ciudadanosekin alarma egoera luzatzeko egindako akordioa beteko du. Hori bai, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak azaldu zuenez, lege dekretuak ez du balioko zirkulazio askatasuna murrizteko, hau da, oinarrizko eskubide hori zalantzan jartzeko. Alarma egoeratik kanpo herritar multzo bat konfinatu beharko balitz, erkidegoak hartu beharko luke erabaki hori, epaile baten babesarekin, Tenerifeko hotel batean otsailean egin zuten moduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyonnais partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak