Ciudadanosek alarma-egoeraren seigarren luzapenaren alde bozkatuko du bihar
Ciudadanosek gaur egun indarrean dagoen alarma-egoeraren seigarren luzapenaren alde bozkatuko du asteazken honetan Kongresuan, Pedro Sanchezen gobernuarekin akordioa adostu ostean. Zehazki, deseskalatze prozesuaren azken txanpan onartuko den azken luzapen horren dekretuan jasotako neurriak "berdinak" izango dira autonomia erkidego guztietan, erkidego bakoitzaren osasun arloko egoera edozein dela ere.
Alderdi laranjaren babesa ez da ezinbestekoa luzapena aurrera ateratzeko, ERCk abstentzioa eta EAJk aldeko botoak iragarri baitituzte, baina "zentzuz eta koherentziaz" bozkatuko duela esan du, "beste taldeek egiten dutena alde batera utzita".
Akordio horri esker, beraz, alarma-egoera 15 egunez luzatzea beharrezkoa dela berretsi nahi dute Espainiako Gobernuak eta Ciudadanosek.
Autonomia erkidego guztietan "neurri berdintsuak" bermatzeaz gain, ekainaren 15a baino lehen Sanchezen gobernuak beste errege lege-dekretu bat aurkeztea adostu dute bi aldeek, deseskalatze prozesua amaitzen duten probintzietan alarma-egoera bertan behera nola utziko duten arautzeko.
Horrez gain, udazkenean koronabirusaren beste agerraldi bat izatekotan, alarma-egoera berriz ezarri ordez bestelako neurri batzuk eskura izateko egin beharreko lege-erreformak aztertu beharko ditu Espainiako Gobernuak.
Halaber, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseiluaren baitan autonomia erkidego guztiak "neurri berean" kontuan izateko konpromisoa hartu du Sanchezen gobernuak, alarma-egoeratik "modu ordenatuan ateratzea eta pandemia modu egokian kudeatzea" bermatuko duen beharrezko esparru juridikoa aztertzeko.
Gainera, hilaren 15a baino lehen, sektore turistikoa suspertzeko plan bat onartuko du, 2.500 milioi eurokoa, sektorearen likidezia bermatzeko helburuarekin.
Kopuru horri beste 151 milioi euro gehitu behar zaizkio, sektorea eraldatzeko eta digitalizatzeko inbertsiorako, bidaia jasangarriak bultzatzea helburu izango duena barne, baita enpresa, negozio eta langileentzako prestakuntza-programak ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Imanol Pradales atxilotutako gazteei buruz: "Nire alaba balitz, erantzukizunen bat hartuko nuke"
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"