Bizkaiko Medikuen Elkargoa, koarentenan diren umeen gurasoei baja ematearen kontra
Ikasturtearen atarian zeresana eman du Espainiako Gobernuak PCR proban negatibo eman baina koronabirusagatik bakartuta egon behar diren umeen zaintza-arazoei emango omen dien erantzunak. Hasiera batean, gurasoek gaixo-agiririk ez zutela izango iragarri bazuen ere, gerora atzera egin eta zaintzaileei baja ematea aztertzen ari zirela zehaztu zuen Maria Jesus Montero Ogasun sailburu eta bozeramaileak. Azken aukera horren kontra egin du Bizkaiko Medikuen Elkargoak. Zuzendaritza batzordeak atzo kaleratutako ohar batean dioenez, "ez da onargarria medikuntzarekin zerikusia ez duen egoera bat medikuntza alorrekoa bihurtzea", eta hala egiteak "jada gainezka dagoen Lehen Arretari lan-karga gehiago ematea" eragingo luke.
Medikuen Elkargoak bi egoera bereizi ditu. Batetik, "argi" dagoenez, "seme-alabaren batek positibo emanez gero, harekin bizi diren guztiek protokoloa jarrai behar dute, gertuko kontaktuak baitira". Kasu horretan, langileak bere enpresa ohartarazi beharko luke, familia-medikuak emandako gaixo-agiria helaraziz.
Beste kasuan, alegia, umeak PCR proban negatibo eman baina koarentena bete behar duenean gurasoei baja ematea "desegokia" dela uste du Elkargoak. "Gaixo-agiriaren esentzia desnaturalizatzen eta debaluatzen ariko ginateke", arrazoitu du.
Bizkaiko Mediku Elkargoaren iritzian, "baja ematea ekintza mediko bat da, ez da gizarte ekintza bat, ezta ekintza administratibo bat ere". Hala, egoera hori "medikuntza alorretik bereizita" dagoen lan arlo batetik kudeatu beharko luketela azpimarratu du.
Elkargotik gogorarazi dutenez, "ezgaitasun fisiko edo psikologiko bat tarteko, behargina lanerako ez dagoenean bakarrik ematen da baja, edo testuinguru epidemiko honetan, gaixo batekin kontaktuan egoteagatik isolatuta egon behar den kasuetan".
Joseba Atxutegi Elkarteko presidenteordeak Radio Euskadi eta Radio Vitoriako "Ganbara" saioan emandako azalpenen arabera, planteamendu horrek "gatazka eta tentsio egoerak sortuko ditu gaixo eta profesionalen artean. Arazoa lan arlotik konpondu behar da".
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik