46ra jaitsi dira koronabirusak eragindako hildakoak Euskadin, asteak gora egin ostean
Joan den astean 46 pertsona hil ziren Euskadin heriotzaren arrazoi zuzena koronabirusa izanik, aurreko zazpi egunetan baino 16 gutxiago; azken orduetan, berriz, 432 positibo atzeman dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazkenero ematen du jakitera astebetean zenbat pertsona hil diren COVID-19aren ondorioz.
Orain arte, pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik, hildakoen kopuruak gora egin du. Abuztuaren 10etik 16ra bitartean hiru gaixo hil ziren, eta hurrengo asteetan 19, 27, 30, 46 eta 62, hurrenez hurren. Joera hori, alabaina, hautsi egin zen joan den astean: irailaren 21etik 27ra bitartean, 46ra jaitsi dira hildakoak.
Pandemiaren eguneroko bilakaerari dagokionez, asteartean 9.741 PCR proba egin zituzten (aurreko egunean baino 2.368 gehiago), eta horietatik 432 (147 gehiago) positiboak izan dira, hau da, % 4,4. Portzentajea handitu egin da, atzo % 3,8koa izan baitzen, bigarren bolada honetako bigarren baxuena.
Hala ere, % 5etik behera mantentzen da positiboen portzentajea. % 5etik aurrera talde transmisioaz hitz egiten da.
Ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 33 pertsona (aurreko buletinean jakinarazitakoak baino bost gehiago) ospitaleratu dituzte COVID-19aren ondorioz, eta EAEko ospitaleetan koronabirusa duten 312 pertsona (zortzi gutxiago) daude; horietatik, 56 (bat gehiago) zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 0,96koa da Euskadi osoan, eta aurreko jardunaldian 0,94koa.
Araban 83 kasu zenbatu dituzte, Bizkaian 198, Gipuzkoan 138 eta EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan.
Kasu positibo berrien artean, 0 eta 9 urte bitarteko 33 pertsona daude, eta 10 eta 19 urte arteko 33. Kutsatze berrien kopururik altuena 40 eta 49 urte bitartean izan da, 73 kasu.
Araban, positibo gehienak Gasteizen zenbatu ziren, 63 guztira. Nabarmentzekoa da, halaber, Zuian (2.300 biztanle) izandako gorakada, 12 kasu izan baitira bat-batean.
Bizkaian, Bilbo izan zen berriro kasu berri gehien (47) izan zituen udalerria. Horrez gainera, Barakaldoko 25 positiboak, Getxoko 18ak, Durangoko 14ak eta Santurtziko 10ak ere aipagarriak dira.
Gipuzkoan, Donostiak 40, Errenteriak 11 eta Irunek zazpi. Hondarribian hiru positibo berri atzeman dituzte, eta atzo baheketa masiboa hasi zuten irailaren 19tik 28ra Manolo jatetxean egon zirenentzat, kutsatze gune bat izan zitekeelakoan.
Nafarroan 266 positibo
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19aren birusak eragindako 265 infekzio kasu berri atzeman zituen atzo Foru Erkidegoko Osasun Sailak, osasun sistema publikoan 3.019 PCR proba egin ostean. Positiboen tasa, beraz, % 8,8koa da. Horrez gain, bi heriotza erregistratu ziren egun batean, 80 urteko gizon batena eta 87 urteko emakume batena.
Nafarroako osasun sare integratuak, alten eta bajen balantzea egin ondoren, 214 paziente ditu ospitaleetan eta modalitateetan, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 23 pertsona daude.
Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta eskualdean izan zen positiboen % 46, eta ondoren Tuterako eremuan (% 34) eta Lizarran (% 8). Gainerako positiboak (% 12) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 45 eta 59 urte bitartekoen taldea izan zen nagusi (% 25); ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea (% 24); jarraian, 14 urtetik beherakoen taldea (% 20) eta 15 eta 29 urte bitartekoen taldea (% 14). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 11) eta 75 urtetik gorakoen taldea (% 6) daude. Kasu berrien batez besteko adina 39,6 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 47 gizonak dira eta % 53 emakumeak.
Nafarroa da biztanleria kopuruari dagokionez PCR gehien egiten duen erkidegoa, 100.000 biztanleko 3.673 PCR egiten baititu, Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 18.083 pertsonakoa da, eta, guztira, 574 heriotza izan dira. Hilgarritasun tasa, beraz, % 0,4koa da.
Javier Remirez Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteordeak prentsaurreko batean azaldu duenez, positiboek behera egiten duten bigarren eguna da. Beheranzko joera hori "zuhurtziaz" hartzen du Gobernuak.
Remirezek zehaztu duenez, positibo gehienak gizarte eta familia topaketen ondorioz ematen ari dira, eta batez ere herriko hainbat herritan jaiak ospatu behar ziren egunetan.
"Lan zuzena eta egokia egiten ari gara, eta proaktibitatea dugu agerraldiak eta positiboak detektatzeko; hori da jarraitu beharreko ildoa", azpimarratu du, Azkoien, Funes eta Faltzesen aplikatutako neurri murriztaileei buruz ziharduenean.
Remirezen hitzetan, litekeena da ostiral honetan neurri murriztaileak berriro luzatzea, osasun egoera dela eta.
Neurri horien arabera, besteak beste, bilera pribatuetan sei pertsona gutxiago egongo dira, ostalaritzan barrako kontsumoa 12:00ak arte mugatuko da eta 22:00etatik aurrera alkohola saltzea debekatuko da, ostalaritza establezimenduetan izan ezik.
Remirezek azaldu duenez, "egoerak agian orain ikusaraziko digu hartutako neurriak zuhurrak, egokiak eta positiboak direla eta horiekin jarraitu behar dugula".
Hala ere, ostiral honetan erabakiko dutela esan du. Gainera, asteazken honetan egingo duten Lurralde arteko Kontseilura bidali dute, pandemiaren inguruan Espainia osoan aplikatu beharreko neurriak aztertzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Akusatutako irakaslearen ikasle ohia: "Guk ere lekuz kanpo zeuden iruzkinak entzun behar izan genituen 11-12 urte genituenean"
Oiartzungo Elizalde ikastetxean irakasle akusatuaren ikasle izan ziren hainbat emakume Gipuzkoako Probintzia Epaitegira hurbildu dira gaur biktimei babesa ematera. Horietako batek azaldu duenez, 11-12 urte zituztenean "iruzkin lizunak" entzun behar izan zituzten gizonaren ahotik, eta epaiketan entzundakoaren aurka, ziurtartatu duenez, "gizona bera zen gerturatzen zitzaiena eta lekuz kanpoko iruzkinak egiten zizkiena". Ikasgelan bideo pornoak jartzen zizkiela eta hitz-joko lizunak egiten zituela esan dute, eta "nazkagarri" eta "lotsagabe" bat zela.
Irungo institutu batean diruaren truke ikasleei sexu harremanak proposatzea leporatzen dioten irakasleak akusazioak ukatu ditu, eta lan jazarpena salatu du
Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du irakasle horrentzat, 13 eta 15 urteko hiru adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita.
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatu du, inpaktuaren jatorria egiaztatu ez duelako
Donostiako epaileak behin-behinean artxibatu du 2024ko martxoan jasandako lesioagatik irekitako auzia, eta familiak helegitea aurkezteko aukera du orain.
Epailearen arabera, Estatuko administrazioarena zen El Bocaleko pasabidea mantentzearen ardura, eta ikerketapean jarri ditu Trantsizio Ekologikoko bi funtzionario
Epailearen ustez, Estatuko administrazioa da martxoaren 3an Santanderko hondartza horretan istripua izan zen pasabidearen "kontserbazio-egoera eta mantentzea egokia bermatzeko arduradun bakarra", eta pasabide horretako eta beste batzuetako lanak "amaitu gabe" daudela. Sei pertsona hil ziren eta bat larri zauritu zen, martxoaren 3an, itsaso ondoko pasabidea behera etorrita.
Alokairuen eskaintza, amilduta: Bilbon eta Donostian % 70 baino gehiago murriztu da
Iruñean alokairuen eskaintza % 47 jaitsi da, eta Gasteizen % 26, Idealistaren arabera. Bilbon, etxebizitza baten bila dabiltzanen lehiak % 864 egin du gora bost urtean.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Futbol arbitro neska batek salatu du irainak eta mehatxuak bota zizkiotela partida batean, Basaurin
Bizkaiko Futbol Federakundeko lehiaketa batzordea gaur elkartzekoa da gertatutakoa aztertzeko eta balizko neurriak aztertzeko. Basauriko futbol taldeko jokalariak, teknikariak eta zaleak barne, irainka hasi zitzaizkion, talde bisitariak berdinketa (3-3) lortu eta gero.
BI-30 errepidean izandako istripu batek auto-ilarak eragin ditu Txorierrin eta Arrontegin
Ezbeharra goizean goiz gertatu da Erandion, eta errei bat itxi behar izan dute Galdakaorako noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira.
EHUk unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza indartzeko protokolo bat bultzatuko du
Ekimenak bitartekotza, partaidetza eta sentsibilizazio-neurriak izango ditu, eta komunitate osoaren ekarpenak jasotzeko plataforma digital bat izango du oinarri.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoa eta Berdintasunerako Emakunde Saria
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.