Hildakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du Euskadin: 36 izan dira azken astean
Euskadik 36 hildako zenbatu ditu azken astean eta 428 kutsatu berri (92 gehiago) atzeman ditu astearte honetan egindako 10.022 PCR probetan. Gainera, azken 24 orduetan 31 pertsona ospitaleratu dituzte eta 51 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan.
Asteartean egindako PCR proben % 4,2 positiboak izan ziren, asteleheneko % 4,5a baino gutxiago; izan ere, 336 positibo atzeman zituzten astelehenean eta proba gutxiago (7.424 PCR) egin ziren, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, irailaren 28tik urriaren 4ra arteko astean metatutako datuak aztertu ondoren, ondoriozta daiteke 36 heriotza (aurreko astean baino 10 gutxiago) izan direla.
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak 184 kasu berri gehitu ditu (aurreko egunean 168 izan ziren), Gipuzkoan 180 positibo berri erregistratu dituzte (astelehenean 112), eta Arabak 58 positibo berri atzeman ditu (aurreko egunean 52). Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren sei pertsonek positibo eman dute, igandean bezainbeste.
Gasteizek 42 kutsatze berri diagnostikatu ditu, aurreko egunean baino 6 gutxiago; Bilbok 36 (astelehenean 50) eta Donostiak 39 (bezperan 20). Barakaldok 21 kutsatu atzeman ditu eta Portugaletek 19.
Gipuzkoan, hiriburuan erregistratutakoez gain, Errenteriako 17 kasuak eta Tolosako 14 kasuak nabarmentzen dira.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak, pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen zehazten duen indizea, R0, 1etik behera mantentzen da, nahiz eta apur bat igo den, 0,97ra, aurreko 0,95aren aldean.
Adinaren arabera, kutsatutako 428 pertsonetatik 95ek 20 urte baino gutxiago zituzten eta beste 76k 40 eta 49 urte bitartean.
Euskadiko ikastetxeen egoerari dagokionez, bat bera ere ez dute itxi behar izan, baina 102 gela (guztien % 0,58) itxita daude, astearte honetan baino bat gutxiago.
Nafarroako egoera
Foru Erkidegoak 253 kasu positibo berri erregistratu ditu astearte honetan, 3.165 PCR proba egin ostean, eta horrek % 8ko positibotasuna adierazten du. Gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera, 3 pertsona hil dira, 83 eta 88 urteko bi gizon eta 84 urteko emakume bat.
Joan den astean 20 pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz, eta aurreko astean 15. Azken bi asteetan hildakoen batez besteko adina 86,6 urtekoa izan da. Zehazki, hildakoetatik 10, 80 eta 89 urte artekoak ziren; 8, 90 urtetik gorakoak, eta 2, 64 eta 79 urte bitartekoak. Sexuari dagokionez, 11 emakume eta 9 gizon ziren.
Nafarroako osasun-sare integratua, ospitaleratzeen eta alten balantzea egin ondoren, 246 paziente hartzen ari da ospitaleetan hainbat ospitaleratze modalitateren bidez. Zainketa intentsiboen unitatean 25 pertsona daude ospitaleratuta.
Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Eskualdean erregistratu ziren positiboen % 60, Tuterako Eremuan % 19 eta Lizarran % 7. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 15-29 urtekoen taldea izan zen nagusi, % 21ekin; ondoren, 45-59 urtekoen taldea, % 20rekin; eta, ondoren, 30-44 urtekoen taldea, % 19rekin. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea, % 15ekin; 15 urtetik beherakoak, % 14rekin eta 75 urtetik gorakoak, % 11rekin. Kasu berrien batez besteko adina 44 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 43 gizonak dira eta % 57 emakumeak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 19.989 pertsona kutsatu dira guztira.
Osasun sailburuak prentsaurrekoan adierazi duenez, "esfortzu handia egin ondoren, lautada egoeran gaude", egunero 300 koronabirus kasu daude eta ospitalean okupazio "egonkorra" da.
Indurainek azaldu duenez, "zenbaki eta tasa handiak dira oraindik" eta "jaisteko itxaropena dugu".
Ildo horretan, Foru Gobernuko Osasun Departamentuak COVID-19aren pandemiaren harira Nafarroa osorako indarrean dagoen araudia beste astebetez mantentzea erabaki du, baita Azkoien, Funes eta Faltzesentzako murrizketa bereziak ere, eta "jomugan" daude beste herri batzuk, batez ere Erribera ingurukoak.
Estatuko egoera
Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zehaztu duenez, Estatuan 10.491 kutsatze berri eman dira azken egunean (horietako % 46, Madrilen). Horrenbestez, guztira 835.901 pertsonak izan dute koronabirusa pandemiaren hasieratik, eta 32.562 hil dira (atzo baino 76 gehiago).
Erkidegoen artean, Madrilek izan du kutsatze berrien kopuru handiena (2.853 atzoko datuekin alderatuta, eta 2.325 azken 24 orduetan). Ondoren Andaluzia (473 kasu berri), Aragoi (395) eta Nafarroa (253) daude.
Batez beste, 257,46 pertsona kutsatu dira azken 14 egunetan 100.000 biztanleko, hau da, atzo baino 16 puntu txikiagoa da tasa.
Pilaketa tasa handiena Nafarroak du (648,41), eta ondoren hauek daude: Madril (591,16), Errioxa (393,94), Gaztela eta Leon (381,61) eta Gaztela-Mantxa (371,74).
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Trans Memoriaren Eguna izendatu du azaroaren 20a
Dekretua elkarte eta erakunde sozialekin lankidetzan egin da, besteak beste, Naizen, Errespetuz eta Loratuz Lotu elkarteekin. Besteak beste, aukeratutako dataren proposamenean eta adostasunean parte hartu dute.
Akusatutako irakaslearen ikasle ohia: "Guk ere lekuz kanpo zeuden iruzkinak entzun behar izan genituen 11-12 urte genituenean"
Oiartzungo Elizalde ikastetxean irakasle akusatuaren ikasle izan ziren hainbat emakume Gipuzkoako Probintzia Epaitegira hurbildu dira gaur biktimei babesa ematera. Horietako batek azaldu duenez, 11-12 urte zituztenean "iruzkin lizunak" egiten zizkien gizonak, eta epaiketan entzundakoaren aurka, ziurtartatu duenez, gizona bera zen gerturatzen zitzaiena eta "lekuz kanpoko iruzkinak" egiten zizkiena. Ikasgelan bideo pornoak jartzen zizkiela eta hitz-joko lizunak egiten zituela esan dute, eta "nazkagarria" eta "lotsagabea" zela.
Irungo institutu batean diruaren truke ikasleei sexu harremanak proposatzea leporatzen dioten irakasleak akusazioak ukatu ditu, eta lan jazarpena salatu du
Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du irakasle horrentzat, 13 eta 15 urteko hiru adingaberi diruaren zein oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita.
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatu du, jaurtigaia nork bota zuen egiaztatu ezin duelako
Donostiako epaileak behin-behinean artxibatu du 2024ko martxoan jasandako lesioagatik irekitako auzia, eta familiak helegitea aurkezteko aukera du orain.
Epailearen arabera, Estatuko administrazioarena zen El Bocaleko pasabidea mantentzearen ardura, eta ikerketapean jarri ditu Trantsizio Ekologikoko bi funtzionario
Epailearen ustez, Estatuko administrazioa da martxoaren 3an Santanderko hondartza horretan istripua izan zen pasabidearen "kontserbazio-egoera eta mantentzea egokia zela bermatzeko arduradun bakarra", eta pasabide horretako eta beste batzuetako lanak "amaitu gabe" daudela. Sei pertsona hil ziren eta bat larri zauritu zen, martxoaren 3an, itsaso ondoko pasabidea behera etorrita.
Alokairuen eskaintza, amilduta: Bilbon eta Donostian % 70 baino gehiago murriztu da
Iruñean alokairuen eskaintza % 47 jaitsi da, eta Gasteizen % 26, Idealistaren arabera. Bilbon, etxebizitza baten bila dabiltzanen lehiak % 864 egin du gora bost urtean.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Futbol arbitro neska batek salatu du irainak eta mehatxuak bota zizkiotela partida batean, Basaurin
Bizkaiko Futbol Federakundeko lehiaketa batzordea gaur elkartzekoa da gertatutakoa aztertzeko eta balizko neurriak aztertzeko. Basauriko futbol taldeko jokalariak, teknikariak eta zaleak barne, irainka hasi zitzaizkion, talde bisitariak berdinketa (3-3) lortu eta gero.
BI-30 errepidean izandako istripu batek auto-ilarak eragin ditu Txorierrin eta Arrontegin
Ezbeharra goizean goiz gertatu da Erandion, eta errei bat itxi behar izan dute Galdakaorako noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira.
EHUk unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza indartzeko protokolo bat bultzatuko du
Ekimenak bitartekotza, partaidetza eta sentsibilizazio-neurriak izango ditu, eta komunitate osoaren ekarpenak jasotzeko plataforma digital bat izango du oinarri.