Ordizian eta Durangon baheketa masiboak egingo dituzte
Ordizian eta Durangon baheketa masiboak egingo dituztela iragarri du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Azken egunetan kutsatze kopuruak gora egin du bi udalerri horietan, batez ere 13 eta 40 urte arteko herriatarren artean.
Borondatezko PCR probak adin tarte horretako bizilagunei zuzenduta egongo dira, hain zuzen ere. Oraingoz, baina, Osasun Sailak du zehaztu testak noiz egingo dituzten.
Ignacio Garitano Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak arratsaldean egindako agerraldian azaldu duenez, egun, 6.177 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 13.273ri jarraipena egiten ari zaizkie.
Azpeitian, Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan egindako baheketetan antzemandako kasu positiboen tasa % 1 ingurukoa izan dela jakinarazi du, eta emaitzarekin pozik agertu da.
Konfinamendu selektiboak egiteko aukerari buruz galdetuta, Garitanok esan du aukera hori une honetan ez dagoela mahai gainean, eta gogora ekarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den larunbatean esandakoa: "Kasuak banaka eta zonaldeka aztertzen jarraituko dugu, eta egoerak okerrera egingo balu soilik hartuko genituzke neurri berriak".
Edonola ere, edozein erabaki hartu aurretik, neurri bat eraginkorra izango dela egiaztatu beharra dagoela esan du, eta ziurtatu du herritar guztiak etxean isolatzea ez dela Jaurlaritzaren plana, "epe laburrean behintzat".
Konfinamendu perimetralei dagokienez, Garitanok ohartarazi du oraindik ez dela argitu neurri hori eraginkorra den edo ez. "Uda honetan 500 kasutik gora izan ditugu eta kasuen aztarna jarraituz eta kontatuak isolatuz egoerari buelta ematea lortu dugu, konfinamendu perimetralik ezarri gabe", nabarmendu du.
Probak egiteko Landako Gunea eskaini du Durangoko Udalak
Bestalde, baheketa masiboa egiteko Landako Gunea erabiltzeko aukera eskaini dio Durangoko Udalak Osakidetzari.
Ima Garrastatxu alkateak ohar batean azaldu duenez, Udal Gobernuan Osakidetzarekin harremanetan dago, eta probak egiteko Udalaren instalazio ezberdinak uzteko prest daudela jakinarazi dio.
Horrez gain, jarduerak aldi batez eteteko deia egin du EH Bilduko alkateak, birusaren hedapena gelditzeko eta normaltasunera ahalik eta azkarren bueltatu ahal izateko. Ildo horretan, Udalak datozen egunetarako aurreikusita zeuzkan ekimena bertan behera utziko dituela iragarri du, Osakidetzak hala gomendatzen badio.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak Realaren, Alavesen eta Celtaren 20 zale "erradikal" inguru identifikatu ditu Donostian
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zauritu zituzten
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian