Onik aurkitu dute Ogellako hondartzan desagertutako arrantzalea
Larrialdi zerbitzuek onik aurkitu dute Ogellako itsaslabarren inguruan, Ispasterretik (Bizkaia) gertu, astelehenean desagertutako gizona.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, harekin hitzordua zeukan lagun batek ohartarazi zituen larrialdi zerbitzuak gertatutakoaz, 17:00ak inguruan. Izan ere, elkarrekin arrantza egiteko asmoa zuten, baina desagertutako gizona ez zen hitzordura azaldu. Telefono deiak hartzen ez zituela ikusita, bilaketa lanak abiatu zituzten.
Gauean, baina, bertan behera utzi behar izan zuten bilaketa, eta goizean atera dira berriro desagertuaren bila Itsas Salbamenduko eta Gurutze Gorriko langileak eta suhiltzaileak. Hain zuzen ere, EA eta Ispaster inguruetan aritu dira arrantzalearen bila.
Azkenean, Ogella hondartzako aparkalekuan aurkitu dute gizona, 14:14an.
Anbulantzian artatu ostean, onik zegoela ikusi dute, eta ez dute ospitalera eraman behar izan.
Zure interesekoa izan daiteke
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyonnais partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak